Herriko gaztetxoak bertsolari izango dira asteazkenean Hondartzan
Asteazkenean, hilak 4, Hondarribiko bertsolari harrobia Hondartza kiroldegian elkartuko da, 17:00etatik 18:15era, Gu ere bertsolari egitasmoaren aurtengo saioaren barruan. Gurutzetako Alabak, Ama Guadalupekoa eta Talaia ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailetako ikasleak ariko dira bertsotan kiroldegian. Herriko eskolen, Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen eta Hondarribiko Udaleko Euskara Zerbitzuaren elkarlanean oinarritzen da Gu ere bertsolari proiektua.
Asteazkenean, ikasturtean zehar ikasitakoa erakutsiko dute herriko bertsolari gaztetxoek, taldeka banatuta. Talde bakoitzak bost minutuko emanaldia prestatuko du eta horretarako Bertsozale elkartearen arduradun baten eta ikastetxeko irakasleen laguntza izango du.
Antolatzaileen arabera, “proiektu honen bidez, gure eskualdeko gazteek aukera paregabea izan dute ahozko komunikazioa eta bertsolaritzaren oinarriak lantzeko. Bertsolaritzaren hainbat baliabide erabiliz lortu dute, besteak beste, ahozko adierazpena hobetzea, estrategia eraginkorrak bultzatzea, hizkuntza aldetiko sormena bultzatzea, jendaurrean egoteko eta hitz egiteko oztopoak gainditzea”.
Badira urte batzuk Gu ere bertsolari egitasmoa Hondarribian abiatu zutela, eta hezkuntza arloa oso pozik dago emaitzarekin: “Ikastetxeetako Hezkuntza Proiektuan jasotako helburuak bermatzeko tresna ezin hobea da bertsolaritza”, ikasleen euskararen erabilpen maila eta kalitatea handitu eta bertsoetarako zaletasuna pizten duelarik.