Bi kopa, Oiartzunera
Asteburua emankorra izan da berriz ere Oiartzun Kirol Elkartearentzat. Gipuzkoako bi Kopa irabazi dituzte: lehena Lehen Erregionaleko Kopa izan da, bigarrena emakumeena, Haur Mailako taldearena.
Emakumeen taldearen kasuan 0-2 irabazi zieten La Salleri, Elsa Ruiz eta Sara Rodaren golei esker. Mutilen garaipena garbiagoa izan zen, 4-1, Martuteneren kontra. Imanol Marin, Beñat Diez Gereñu, Jon Almandoz eta Ibai Lekuona izan ziren golegileak.
Arrakastaz beterikoa izan da Oiartzun KEren bidea sasoi honetan. Emakumeen lehen taldea Lehen Mailara igotzeko borroka betean egon da, gizonen talde nagusiak 3. Mailari eustea lortu du, eta azken bi kopa txapelketa hauek kirol elkartearen osasun ona berretsi besterik ez dute egin.