Apaiziartzaren mozioa
Apaiziartzan azken zazpi hilabateetan, pertsona, baratza zein etxearen kontra egindako erasoak gaitzetsi ditu Lezoko Udalak. Aho batez izan da gainera, alderdi politiko guztietako ordezkariek babestu baitute Apaiziartza proiektuan dabiltzan kideen eskaera. Pasa den osteguneko plenoan aztertu zuten mozioa eta aho batez babestea onartu zuen udalbatzak. Luze joan zen plenoaren bigarren puntua izan zena eta testigantza ugari entzuteko aukera izan zen, Apaiziartza proiektuko kideetatik hasi, eraos sexista jaso zuen neskatoaren gurasoekin jarraitu, eta ondoko bizilagunetako (hari eta beste bi bizlaguni leporatzen dizkiote besteak beste eraso eta mehatxuak) baten arreba. Erasoak zehaztuta aurkeztu zituen plenoan Josetxo Lukas Apaiziartzako kideak, heriotz mehatxuak, eraso fisikoa, eraso sexista, baratzean animaliak sartu uzta galtzeko… Horiek guztiek “higadura” eta “tentsio etengabea” eragin dutela proiektuaren bueltan biltzen diren kideen artean gaineratu zuen.
Udaltzaingoaren presentzia areagotu
Udalak bizikidetzarako arau batzuk adosten saiatu dela azaldu zuen Ainhoa Zabalo alkateak, “Apaiziartzan gertatu ez zedin atzera bueltarik ez duen zerbait. Saiakera egin zuen udalak bi aldeen arteko elkarbizitzarako. Bizitu genuenaren arabera, esan beharra dut arazorik ez zegoela Apaiziartza proiektuan dabiltzan kideen aldetik arau horiek adosteko eta elkarbizitza baketsua izateko, baina ez genuela gauza bera aurkitu beste bizilagunen aldetik”. Udalak askoz gehiago ezin duela egin eta eraso eta mehatzuen aurrean epiategietan salaketa egiteko eskatu zien Zabalok Apaiziartzako kideei, “bidea hori delako, epaile batek zigortu beharko dituelako epaitu ostean hala erabakitzen badu”.
Salaketa epaitegian dagoela azaldu zuen eraso sexista jazan duen neskatoaren amak. 21 urteko neska kontsumo taldekoa da eta joan den apirilean Apaiziartzara saski bila joanzenean izan zela gertakaria gogorarazi zuen: “Ondoko bizilagunek, puta, merezi duzuna izango duzu, marizikina eta halakoekin hartu zuten eta ondoren todoterrenoarekin harrapatuko zuten keinua egin zioten. Udalari halakoak ekiditeko eta salatzeko zerbait egin behar du. Gure alaba erasotu dutenak lasai dabiltza Lezoko kaleetan, eta gure alaba Lezora datorrenean urduri eta beldurrez ibiltzen da. Nork jartzen dizkie mugak erasotzaileei epaitegiaz gain? Nork babesten du nire alaba?”. Udalak ezer gutxi egitea duela “tamalez” erantzun zion Zabalok amari, epaitegietatik kanpo, halere, Apaiziartza inguruan udaltzaingoaren presentzia aregotzeko asmoa azaldu zuen.
Mozioa puntuz puntu bozkatzea erabaki zuen azkenean udalbatzak, PSEko Mikel Antxon Arrizabalagak hala eskatuta.
Gaintxurizketa mehatxatuta dauden baserri lurren erabilpena nekazal jarduerara bideratzeko ahalegina babesteko eskatu zuten Apaiziartza proiektuko kideek eta elikadura subiranotasunaren bidean ematen ari diren urratsekin bat egiteko. Bilduren aldeko botoak jaso zituzten bi puntu horiek. EAJ eta PSE-EEko zinegotziek abstenitu egin ziren. Udala akusazio partikular gisa aurkeztea eraso sexista oso larriak diren kasuetan, eta beste kasuetan zein neurri hartu erabakitzeko eskatu zuten laugarren puntuan eta aho batez onartu zuten proposamena udal ordezkari guztiek. Azkenik foru aldundiari zein lezoarrei erabakiaren berri helarazteko eskatu zuten, eta azken eskaera horiek ere aho batez babestu zuen udalbatzak.