
Asteazkenean bildu zen Irungo Udalbatza
Irungo Udalbatzak
Jokabide kodea, gobernu ona eta Irungo Udalaren kalitate instituzionalaren aldeko konpromisoa izeneko dokumentua onartu zuen asteazkenean, EAJren, PPren eta PSEren aldeko botoekin, eta EH Bilduren eta EBren abstentzioekin. Eudelek bultzatutako iniziatiba bat da eta Euskal Herriko zenbait herrietan onartu dute dagoeneko. Herritarrek politikariengan duten iritzia nolabait ere aldatzea bilatzen du kodeak.
Gardentasuna, eredugarritasuna, interes publikoa eta zintzotasuna nabarmentzen ditu dokumentuak. Halaber, hautetsien jarreran mugak ezartzen ditu; hala nola, interes gatazkak alboratzea, informazioak ez argitzea edota faboritismoak alde batera uztea.
Zentzu horretan, beren desadostasuna agerian utzi zuten Manuel Millan EB Udal Taldearen bozeramaileak eta Oinatz Mitxelena EH Bildu taldearenak ere. Mitxelenak argi utzi zuen udalbatzarrean dokumentua “makilaje” hutsa zela. Jose Antonio Santano alkateak adierazitakoaren arabera, “udaletxeak kristalezko hormak” izan behar ditu. Horren harira, “kanpotik begiratuta kristal horiek zikinak” egongo zirela leporatu zion Mitxelenak.
Millanek bere aldetik, ez zuen kode etikoa gaizki ikusi, baina horretarako kode penala existitzen dela adierazi zuen. Hala eta guztiz ere, “kode penala nola betetzen ez den argi ikusten dugu, eta horren aurkako jarduerak aurrera eramaten direla ere ikusten dugu” argitu zuen bozeramaileak. “Kodea existitzeak ez ditu etikaren aurkako jarduerak deuseztatuko. Konfiantza falta ez da horrela desagertuko, politika interes orokorraren mesedetan jartzean desagertuko dela baizik”, gaineratu zuen. Bukatzeko, “politika gutxiengo batzuen mesedetan dagoela gaur egun” salatu zuen.

Mitxelena bozeramailea prentsaurrekoan
Argibideak
Alderdiaren jarrera argitu aldera, gaiaren gaineko prentsaurrekoa eman du EH Bilduk gaur goizean. Dokumentua “ez dela beharrezkoa” iritzi dio Mitxelenak, “politika zintzotasunez eta zentzuz egin behar delako”. Haren ustez, “urte luzeetan zehar egindako politika ereduaren ondorio” zuzena da herritarren konfiantza falta. Ildo horretatik dokumentuak bildutako puntuak betetzen ez badira “herritarrak gaur duten iritzi bera” izango dutela uste du. Izan ere, “herritarrek politikoak urrun ikusten gaituzte eta politikoak herritarrengandik urrun gaude, ez diogulako herriari erabakitzeko aukerarik ematen”, gaineratu du.
Bi adibide aipatu ditu Mitxelenak zentzu horretan. Bata, Artiga eta Belaskoeneako prozesu parte hartzaileetan bildutako ondorioak aurrera ateratzeko diru partidarik sartu ez izana salatu du. Bestea, Txingudi babes eremuaren harira aste honetan bildutako batzordea komunikabideen bidez ezagutu behar izatea leporatu dio udalari.
Mitxelenaren hitzetan, “igandeko hauteskundeetan herritarren iritzia argi gelditu zen. Gauzak egiteko modua aldatu egin behar da, hori da herritarrek eskatzen dutena. Gauzak beste eredu batekin aurrera eraman behar dira”.