Aldagela eta kafetegiarekin igerilekuen bigarren fasea bukatuko duela dio udalak
“Erabaki dugu ahalegin bat egin eta obra guztia ateratzea lizitaziora, hain zuzen ere, aldagelak eta kafetegia egiteko obra” jakinarazi du udal gobernu taldeak, Beraun-Kaputxinoetako igerilekuen harira.
Aste honetan bertan PSE-EEk obren bigarren fasea bi zatitan egiteko udalaren nahia salatu zuen, eta udalak onartu du hala jakinarazi zietela oposizioko taldeei, “aldagelak 2014ko irailetik 2015eko ekainera egitea, eta kafetegia 2015eko irailean hastea”. Haatik, 2013ko kontuen itxiera egin ondoren, (apirilean egin zela zehaztu du) “ahalegina” egitea erabaki duela adierazi du.
Lanak irailetik ekainera
Obrek ia 1,6 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta irailean hasi eta ekainean amaituko dira aurreratu du udal gobernu taldeak, “beraz, ez da udan lanik egingo eta igerilekuak zabaldu ahalko dira”. Lizitazioa bi aste barru martxan jartzea espero du.
Udal gobernu taldeak gogorarazi duenez, obrak egin bitartean, moduluzko aldagelak daude, eta horiek egin dute igerilekua zabalik egotea.