La Bacaladera, Lehen Mailakoa

Sant Cugat del Vallesen jokatutako igoera fasean bigarren geratu dira hondarribiarrak. Lehen bi partidak irabazi eta gero Espainiako Lehen Mailara sailkatzea lortu dute.

Taldekoak eta zaleak Sant Cugaten igoera ospatzen

Taldekoak eta zaleak igoera ospatzen

La Bacaladera Hondarribia eskubaloi taldeak Espainiako Lehen Mailan jokatuko du heldu den urtean, asteburuan San Cugat del Vallesen (Bartzelona, Herrialde Katalanak) egin den lauko finalean bigarren postuan geratu eta gero. Euskal Ligan bigarren izan zen Hondarribiko taldea, Usurbilen atzetik, eta horrek aukera eman dio igoera kanporaketa jokatzeko. Sant Cugaten, etxeko taldeak bezala lehen bi partidak irabazi zituen La Bacaladerak, azken partida jokatu aurretik sailkapena lortuz. Ostiralean jokatu zuten lehen partida, autobusetik jaitsi eta ordu gutxira. Errioxako txapeldun Calasancioren kontra jokatu zuten eta gol bakarragatik nagusitu ziren Viki de la Hazaren mutilak, 22-21. Beste partidan San Cugatek erraz menderatu zuen Mata de Jonc Balear Irletako txapelduna (39-16). Larunbatean Mata de Jonc taldea izan zuen La Bacaladerak aurkari. Oso partida serioa egin zuten hondarribiarrek eta 27-22 irabazi zuten. Bigarren partidaren zain geratu ziren kiroldegian; San Cugatek Logroñokoen kontra irabaziz gero, Hondarribiko taldeak igotzea lortuko zuen. Eta hala gertatu zen. Bartzelonarrek Kataluniako eskubaloiaren maila erakutsi zuten errioxarren kontra (40-22) eta haiek bezala ospatu zuten La Bacaladerako jokalari, tekniko, klubeko arduradun eta San Cugat bidaiatu zuten zaleek. Igandeko partidan ezer ez zegoen jokoan, igoera lortuta baitzegoen, baina hondarribiarek maila handia eman zuten San Cugaten kontra eta emaitza duina lortu zuten (32-24), epaileek etxeko taldeari laguntza bat edo beste eman zioten arren. Lehen Mailara igota, markatzeko moduko denboraldia burutu du La Bacaladera Hondarribiak, hasieran beraiek ere ez baitzuten espero igoera faserako sailkatzeko gai izango zirenik eta, zer esanik ez, mailaz igotzea. Beste multzoan, polemika Euskal Ligako beste ordezkariak ere, Usurbilek, Lehen Mailara igotzea lortu du, baina polemikarekin. Etxean jokatu dute usurbildarrek lauko finala eta beren zaleek gertu gertutik ikusi behar izan dute kiroltasunarekin zerikusirik ez duen zerbait, Usurbilek eta Galiziako Poiok azken partidako emaitza adostu zutela. Lehen bi jardunaldiak jokatuta, igandera berdinduta iritsi ziren lau taldeak. Azken eguneko lehen partidan 23na egin zuten Puerto del Carmenek eta Oviedok, eta azken partida Usurbil eta Poio taldeen artean jokatuko zen. Lehen bi jardunaldietan sartutako eta jasotako gol kopuruagatik, berdintzea nahikoa zuten bi taldeek eta jokalariek hori hitzartu zuten, berdinketa. Hala, zazpi segunduren faltan gol bat aurretik ziren usurbildarrak eta baloia berea zen, baina baloiren jabetzari eutsi edo denbora galdu ordez, galiziarrei baloia oparitu zieten, aurretik hitzartutako berdinketa gauzatzeko. Youtubera igo duten bideo batean (behean) nabarmen azaltzen da Usurbileko atezainak nahitaz galdu zuela azken baloia, atzelariak hori ez gertatzeko ez duela ezer egiten eta galiziako jokalariari gola sartzen utzi ziotela.  
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.