Kopako finala jokatuko du Donibane Eskubaloiak
Zarauzko Amenabar BZKE taldeari 27-21 irabazita kopako finala jokatzeko sailkatu da Donibane Eskubaloia. Lehengo larunbateko partida ez zen ondo hasi arrosentzat. Partidaren garrantziaz jabetuta, urduri kantxaratu ziren jokalariak eta zarauztarrak markagailuan aurretik jarri ziren partidaren hasieran. Pixkanaka, baina, jokalariak beren tokia bilatu eta partidaren lehen erdia bukatzerako aurretik ziren markagailuan, gol betako aldearekin (10-9).
Bigarren zatian, defentsan ez ziren fin ibili arrosak, eta entrenatzaileak hainbat aldaketa tekniko egin behar izan zituen. Horiei esker, defentsan baloiak errekuperatzen hasi eta kontraerasotan gogor aritu eta gero sei goleko aldea lortu zuten partidaren bukaeran. Atezainak egindako lan txukunak ere lagungarri izan zitzaien arrosei.
Garaipenari esker, sanjuandarrek, iaz bezala aurten ere, bi aste barru jokatuko den Gipuzkoako kopako finala jokatzeko txartela eskuratu dute.
Donibane Eskubaloia taldeak ondoko jokalariak kantxaratu ziren: Haritz Pérez (5), Jon Gajate (5), Jon Ciganda (4), Javier Fernández (4), Aritz Frias (3), Emilio Idoipe (3), Jose González (2), Ibai Borges (1), Antonio Arroyo, Luis Aguirresarobe, Aitor Resende, Iñigo Nogues, Zuhaitz Garrido y Kamel Abdi.