Maite Peña EAJko bozeramailea Biteri kaleko obren gainean hitz egiten.
Errenteriako Udalak Biteri kalean egitekoa den lanekin ez du bat egin EAJk. Dagoeneko lanak egiten ari dira kale horretan espaloia zabaldu, bidegorria egin eta autoentzako sarbide bakarra egiteko Alabergatik, Maite Peña bozeramaile jeltzaleak aurreratu duenez.
Hala eta guztiz ere, udalak hartu duen erabakia ez dela talde politikoekin adostutakoa izan salatu du Peñak, eta kexa ugari sortu dituela herritarren artean. Horrez gain, kritikatu du udalak ez duela trafiko edota aparkalekuei buruzko azterketarik egin.
EAJko bozeramailearen arabera, aparkalekuak kentzea ekarriko du obra horrek (Alabergako zortzi eta Bidasoa kalekoak) eta trafikoari dagokionez, “buelta handia ematea” ekarriko duela esan du: “Ez dago Biteri kaleko trafikoa nola berbideratuko den azaltzen duen ezta erabaki honek beste kaleetan izango duen ondorioen inguruko txostenik”.
Horrez gain, Oiartzun ibaiaren inguruan bidegorria edukita, ez deritzo beharrezkoa erdigunetik pasatzen den beste bat egitea, kontuan hartuta, proiektu osoak 234.000 euroko aurrekontua duela.
Azkenik, orain arte Biteri kalea asteburuetan itxita egon da, eta proba horren ondoriorik ez dutela ezagutzen adierazi du Peñak. Gainera, duela 20 urte agian, Biteri kalea peatonalizatzeak zentzua bazuela esan du, baina egun, jende gutxiago ibiltzen dela, eta espaloitik; aisia gunea Zumardia delakoan da.
Zentzu horretan, udalaren kudeaketa ez dela ona izan iritzi dio.
Biteri kaleko obren planoa