Hau, ez da gurea
Gusturako koloreak», zioen batek, eta nik ikurrinaren koloreak ditut maite. Baina ez Colon plaza txikiak bailiran herrietako plaza nagusietako mastetan zintzilik ikustea. Ez Espainiako balkoietan, ez Suediako etxe atarietan, ezta nire herrian ere. Gustu kontuak! Edo, are gehiago, iritzi kontuak.
Espainiako Auzitegi Gorenak instituzioetako eraikinetan Espainiako bandera jartzera behartzen duen erabaki judizialei erantzuteko eta geurea ikurrina dela aldarrikatzeko hamaika ekitaldi-omenaldi burutu dira herrietan Geurea ikurrina! lelopean. Udalek merkatuko masta handienak erosi dituzte eta plaza nagusietan edo herri sarreretan paratu.
Urkixok, Gobernu Espainiarraren Ordezkari leialak, Onkixotek nola, erraldoiak ikusi ditu udaletxeetako balkoietan, eta botere erakusketa eginez piper potoa eraikin publiko nagusien balkoietan zintzilikatzera behartu ditu alkateak (kurioski inork ez du desobedientziarako deia luzatu). Jazarpen horren aurrean, aldiz, badira sormen gehiagorekin bestelako irtenbideak bilatu dituzten udalerriak. Eskoriatza kasu, non udaletxeko balkoian herrian erroldatutako herritarren jatorria adina bandera jarri dituzte.
James Joycen Ulisesek nola, kuraia, zuhurtzia, adiskidetasuna eta ohorea landu beharra dago inposaketaren aurrean. Baina mimetismo sinpletik aldenduz, gure barruan bilatuz gure Itaka. Eta ez besteen (kasu honetan inposatzaileen) ereduan.
Izan ere, Gure Mandelak (?) dion bezala, adin nagusikoak bagara, kanpoan baino (gaztaroan ohikoa dena), geurean, geure barruan, bilatzeko tenorea da, gure prozesu propioa egiteko unea, mimetismoetatik aldenduz. Berdina esan dezaket Gure Esku Dago giza kateari dagokionez. Katalanek Via Catalanaren bidetik beren eredu propioa adierazi duten bezala, guk ere herritarren arteko elkar loturaren bidetik geure bidea irudikatzeko premia dugu, baina ez dut uste gurean testuinguru sozio-politikoa berdina denik, eta abiapuntua eskala txikiagoko beste giza kate bat egitetik hasten denik. Nago ni aurretik beharrezkoa dela etxeko lan gehiago, independentzia eta demokraziaren arteko diskurtsoan sakontzeko eta ongizatean lituzkeen onurak gizarteratzeko.
Nire iritziz, egunen batean gure Itaka, gure uhartea, gure herria aurkitu nahi badugu, kanpora baino, ate barruranzko bidea eginez lortuko dugulakoan nago. Ustez garenarekiko pertsonaia deskonposatuz, behin betiko utziz, hustuz eta galderei erantzun berriak aurkituz. Jakinik galderei erantzuna bilatze horretan gustuko ez ditugun eta egi diren erantzun asko aurkituko ditugula; asko eta asko, onartu nahiko ez ditugun erantzunak eta jende askorengan aldaketarako erresistentzia eragingo dutenak. Gure alde kontserbadoreena, beldurtiena, kexatiena azaleraziko dituzten galderak eta beldurraren sentimena gurean zabaltzen saiatuko diren ahotsak sorraraziko dituztenak. Berriro egin beharreko bidean nahastu eta korapilatu nahiko gaituzten ahotsak.
Eta halakoetan, nahasmena nagusitzen denean, Ulisesek bezala, aberastasuna helmugan baino, bidean dagoela ulertzen badugu, une bakoitzean gurea zer denetik baino, gurea zer ez den argi izanez lortuko dugu bide egitea. Arantzako herria horren adibide. Plaza inguratzen duten etxebizitzetako fatxada zurietan ez dago ikurrinarik zintzilik eta udaletxeko balkoian ez dago ez Nafarroako banderarik, ezta ikurrinarik ere. Soilik bandera espainola eta alboan azalpen idatzia, beharko lukeena adierazi baino, ez dena argiki erakutsiz: Hau ez da gurea.