San Markori begira prebentzio lana egiten ari da udala gaztetxoekin
Egutegian errotulagailuz markatutako eguna da ostirala askorentzat, San Marko eguna. Eskualdeko festa da, lagunekin ospatu ohi dena, baina familiari lotutako ohitura zahar bat gordetzen duena, opilarena. Festa handia izango da Hondarribian, bereziki Guadalupe aldean.
Azken urteetan bezala, udalak kanpaina egingo du San Marko eguneko arriskuak gutxitze aldera. “Egun honetan, gazteen helburua egun ona pasatzea da, lagunekin gozatzea, eta gure ardura jarrera osasuntsuak bultzatzea eta balizko arriskuak aurreikustea da, horien artean edari alkoholdunen kontsumo neurrigabea edo goiztiarrarena”, azaldu du Gazteri Arloko Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak. Hala, zenbait ekintza antolatu dituzte komunitateko zenbait eragilerekin elkarlanean, Drogamenpekotasunen Prebentzio Komunitarioko Udal Planaren barruan.
Prebentzio Komunitarioko teknikariek gelan barruan saio bat egin dute Hondarribiko DBH-ko ikastetxe guztietako ikasleekin. Bertan, alkoholaren gehiegizko erabilerari buruzko gogoetak bultzatu dituzte, erabaki arduratsuak hartu, ondorioak aurreikusi, arriskuak eta kalteak ekidin edo murriztu. “Burututako ekintza horrekin batera, ikasleei egun honetarako bereziki prestatutako materiala banatu zaie. Aurten, txapa eta txartela bana, hain zuzen ere”, azaldu dute Prentzio Komunitariotik.
“Udaltzaingoak ere prebentzio lana egingo du San Marko egunean eta DYA elkarteak ere bere dispositiboak prest edukiko ditu”, gaineratu dute Gazteria departamentuko arduradunek.