Iñigo Cervantes tenislariak Bartzelonako Conde de Godo txapelketako final zortzirenetarako sailkatu da, bigarren errondan Dimitri Tursonov errusiarra gainditu eta gero (7-5, 0-6 eta 6-3). Urte eta erdi pistetatik kanpo egon eta gero iritsi da hondarribiarraren lorpena.
Ia %20a igo da aste santuan Hondarribia bisitatu dutenen kopurua aurten, %18a hain zuzen ere. Euskal Herritik, Kataluniatik eta Madriletik hurbildu dira turista gehienak —%21,3, %18,9 eta %10,7, hurrenez hurren— eta Espainiako Estatuko gainontzeko lekuetatik %31,1. Frantziako Estatutik, bisitarien %11’2a zenbatu dute.
Igande honetan, hilak 27, ospatuko dute Bizarainen (San Marko) San Marko Eguna. Goizean goiz, kirola izango da protagonista, EAT Errenteriako Atletismo Taldearen eskutik, San Markorako Igoera egingo baitute. 09:30ean aterako dira korrikalariak, eta 11,5 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, eta 600 metroko desnibela. Oraindik izena emateko aukera dago www.atleticorenteria.com webgunean.
Emak bakia film luze abangoardista proiektatuko dute gaur, asteazkena, Itsas Etxea Auditoriumean, 20:30ean. Oskar Alegriak zuzendutako lana da eta egileak berak egingo du aurkezpena, pelikula hasi aurretik. Sarrerak 2 euro balio du.