
Udalaren negoziatzeko borondate eza salatu dute bildutakoek
Sanmartzialetako kontzertuak eta txosnak Ficobara eramatearen kontrako jardunaldia antolatu dute hilaren 30erako San Joan plazan. Gisa horretara, udal gobernuak negoziatzeko borondate eza izan duela salatu nahi dute eta Urdanibia plazako jaietako ekitaldiak bertan nahi dituztela aldarrikatu dute. Ostalarien, merkatarien eta txosnak jartzeko eskaera egiten duten elkarteen ordezkaritza batek agerraldia egin du gaur goizean San Joan plazan, eta bertan joan den astean gobernuko ordezkaritza batekin izandako bileraren balorazio negatiboa egin dute.
Auziari konponbidea bilatzeko bildu ziren hilaren 7an Jose Antonio Santano alkatearekin eta Cristina Laborda eta Belen Sierra zinegotziekin. Ostalari eta merkatarien izenean Josu Cariñena eta Carmen Gallego mintzatu dira gaur komunikabideen aurrean, eta txosnen hautagaien izenean Garazi Lizarraga eta Maite Dieguez. Laurek salatu dute gobernuak ez zuela inolako borondaterik eduki akordioetara iristeko: “Bi orduko bileraren ondoren, ezezko borobila jaso genuen”, adierazi du Cariñenak.
Jakinik ekainaren 30erako plaza prestatuko dela eta “egun horretarako udalak hartuko duela segurtasunaren ardura”, udalari eskatu zioten “erantzukizun bera izatea plazan ospatzen diren beste ekimen guztietarako”. Cariñenaren esanetan, bileraren lehen unetik argi geratu zitzaien gobernuak ez zuela aztertu nahi beste aukerarik txosnak jartzeko, “inongo momentutan ez direla hausnartu Urdanibia Plaza aldameneko guneak aukera bezala”. Urdanibiako tabernarientzat, plaza jaietako bihotza da eta plazan edo inguruan nahi dituzte txosnak eta ekintza kulturalak.
Udalaren jarrera ikusita, aldarrikapen ekitaldia antolatuko dute hilaren 30erako, San Joan plazan. “Jaia eta errebindikazioa uztartuko dituen topaketa bat antolatu dugu, gure aldarrikapenak ikustarazteko, beti jai espiritu batetik”. Horregatik dei egin zieten Irungo askotariko taldeei, “gurekin kontaktuan jartzeko, topaketa hau masiboki eta bere edukietan anitza izateko”.
Telefono bidezko eskaintza
Bileraren biharamunean Sierrak elkarte batzuei telefonoz deitu izana gaitzetsi du Lizarragak, sanmartzialetan txosna jartzeko zozketan parte hartzen duten elkarteen izenean: “Laguntza ekonomikoak eskaini dizkigu banan banan, elkarte eta eragileei batzuei txosnak Ficoban jartzeko”. Txosnetarako hautagaien ordezkariak nabarmendu zuen elkarte batzuei telefonoz egin ziela eskaintza, beste batzuei biltzeko eskaini ziela eta, ez dela denekin harremanetan jarri: “proposamena soilik elkarte edo eragile batzuei egin zaie, eta ez denei. Gainera, orain arte inoiz txosna jartzea eskatu ez duen zenbait elkarteei ere eskaini zaie”.
Lizarragarentzat, gainera, eskaintza ekonomikoak “diru galerak horrenbestekoak izan ez daitezen balio du”, baina gehiagorako ez. “Diru etekinik ez da egongo, eta horrek urtean zehar antolatzen ditugun ekimen desberdinen biziraupena kolokan jartzen du”, argitu du.
Txosna eskatzen duten elkarteek gaineratu dute ostalariek hilaren 30erako deitu duten deialdiarekin bat egiten dutela, eta jaietan txosnak eta kontzertuak Urdanibia plazan edo inguruan nahi dituztela berretsi dute: “jaiak Urdanibia plazan eta haren aldameneko kaleetan egin behar direla uste dugu, hori baita da jaietan zehar irundarrontzat gune garrantzitsuena”.