La Bacaladerak Lehen Mailara igotzeko fasea jokatuko du
Liga amaitzeko geratzen ziren bi partidak irabaziz gero Espainiako Lehen Mailara igotzeko kanporaketa jokatuko luke La Bacaladera eskubaloi taldeak, baina ez zuten espero lehenengoan lortuko zutenik, azken partidara iritsi gabe. Baina hala izan da, hondarribiarrek bere partida irabazi dutelako eta Amenabarrek eta Urdulizek ez dutelako gauza bera egin.
Liga amaitzeko geratzen ziren bi partidak irabaziz gero Espainiako Lehen Mailara igotzeko kanporaketa jokatuko luke La Bacaladera Hondarribia eskubaloi taldeak, baina ez zuten espero lehenengoan lortuko zutenik, azken partidara iritsi gabe. Baina hala izan da. Hondarribiarrek bere eginbeharra egin zuten, ligako azken tokian eta dagoeneko Euskal Ligara jaitsita dagoen Basauriren etxean irabaziz (21-30).
Atzetik beste bi taldek zeuden La Bacaladerarekin lehian, Zarautz Amenabar eta Urduliz. Biek dena irabazi behar zuten, eta La Bacaladeraren hutsaren zain egon. Baina beraiek dira huts egin dutenak, Urdulizek Gasteizen Corazonistasekin berdinduta (28-28) eta Amenabarrek Donostian galduz, Egiaren kontra (34-28). Hala, La Bacaladerak azken partida galduz gero Urdulizek hondarribiarrekin berdindu dezake, baina averagea berdeen alde dago.
Hortaz, La Bacaladera Hondarribia izango da Lehen Mailara igotzen saiatuko den Euskal Ligako bigarren taldea, Aluminios Ucin Usurbilek duela aste batzuk lortu baitzuen hori.
Ospakizuna, 27an
Hilaren 27an jokatuko du liga erregularreko azken partida La Bacaladerak, etxean, Hondartzako gotorlekuan. Ospakizuna behar luke izan, denboraldi hasieran inork ez baitzuen espero herriko eskubaloi taldeak aurten lortu duena lor zezakeenik, are gutxiago denboraldian zehar lesioekin izan dituen arazoak kontuan izanda. Baina jokalari beteranoen eskarmentuak eta gazteen irrikak ahalbidetu dute denoraldia oraindik ez amaitzea.
Igoera fasean gertatzen dena gertatuta, bikaina izan da La Bacaladera Hondarribiko nagusien taldearen denboraldia eta halakoa izango da hilaren 27ko ospakizuna zaleen aurrean ere, ezingo baitzen lortu lortu Dela Hazaren mutilek Hondartzan jokatu dutenean harmailetatik sentitu duten berotasuna bestelakoa izan balitz.