
Herria ikurrinaz betetzeko deia egin dute
Hilaren 20an, igandean, Aberri Eguna izango da eta egun horretan herria ikurrinaz betetzeko deia luzatu diete herritarrei EH Bilduk: “Aturritik Ebrora herri bat badela eta euskal herritar gisa bizi nahi dugula erakusteko”.
Espainiako Estatuko Abokatuak Oiartzunen Espainiako bandera handiagoa jartzeko eskaera egin duela jakinarazi du koalizioak. Urtarrilaren 25ean jarri zen Espainiako bandera udaletxean eta bi hilabete eta erdi honetan Espainiako Estatuko Abokatuak Oiartzunekin “tematuta” jarraitzen duela salatu du: “Horrela, Carlos Urkijok bandera handiago jartzeko eskatu du”.
Bide horretatik, “nahi adina” errekerimendu bidal dezatela esan die Espainiako Estatu ordezkariei: “Behartu gaitzaketela hiru, bost edo hogei metroko banderak jartzera, baina ez ditugula ikur horiek inoiz gure sentituko. Berriz ere, gure ikurrina dela berretsiko dugu eta Espainiako banderak jartzera behartzen bagaituzte ere, ikurrina defendatzen, babesten eta zabaltzen jarraituko dugula”.