Harrera familien nondik norakoak ezagutzeko aukera izango da
http://vimeo.com/60935159
Beroa Elkarteak egindako Gu ere harrera familia gara dokumentala ikusteko aukera izango da hilaren 25ean, ostirala, udaletxeko areto nagusian, 19:00etan.
Harrera familiak arrazoi ezberdinengatik euren jatorrizko familietan babesa ez duten neska-mutikoak babesteko baliabideak dira. Oraindik, hala ere, nahikoa ezezaguna da harrera familien kontua eta hori gizarteratzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta harrera familien elkarteak (Beroa) dokumental hau produzitu zuten iaz. Dokumentalean harrera familia diren zenbait lagunen bizipenak eta testigantzak jaso dira, horien artean Oiartzungo familia batena ere bai.
Dokumentalaren ondoren, solasaldirako aukera ere izango da Beroa Elkarteko hezitzaileekin.
Gaiarekin lotuta, biharamunean (hilak 26, larunbata) ZuOndoan antzerki taldeak Maddi eta Antton antzezlana eskainiko du haurrentzako (17:00etan udaletxeko areto nagusian), Oiartzungo Antzerkizale Elkarteak antolatuta.