Hendaia-Hondarribia bizikleta bidea babes dezala eskatu dio Irungo EAJk aldundiari
Irungo EAJk Txingudi badiako hiru udalerriak lotuko dituen bidearen alde lanean darrai, eta Jaurlaritzak egin bezala, aldundiari eskatu dio ekarpena egin dezala bidea finantzatzeko, hura baita bidegorrien eta bizikleta sareen arduraduna herrialdean. Izan ere, Irungo EAJk uste du, hiriarentzako garrantzitsua dela bide hori Hendaiako eta Hondarribiko hondartzak Irun zeharkatuz lotuko liratekeelako, eta Irungo auzoen arteko lotura hobea izango zelako.
Aldundiari hori egiteko mozioa erregistratuko du Xabier Iridoy bozeramaile duen udal taldeak udaletxean. Eta Iridoyk gogorarazi du hiriaren egoeraren gaineko udalbatzarrean plan horrekin lotutako bi ebazpen proposamen onartu zirela, bat Jaurlaritzari eskatzeko diru partida gorde dezala 2015eko aurrekontuetan bide hori egiteko, eta bestea gauza berbera eskatuz baina Irungo aurrekontuetan. Udala eta Jaurlaritza egitasmoaren alde izanda, aldundiari konpromisioa eskatu dio EAJk.