Erabakitzen utzi zidatenei
Nik jaunartzea egin nahi nuen. Eta ez, ez zen opariengatik. Soinekoarengatik zen. Ahal zen zabaltasun, parpailarik, kan-kanik eta floripondiorik gehien zituen soineko txuri bat nahi nuen. Dena ahal zen gehiena, ahal zen horteroena. Amak hau esan zidan: «Jaunartzea egin nahi duzu? Ba egingo duzu. Baina Zarako soineko batekin». Eta hortxe bukatu zen jaunartzea egiteko nire desioa —hor, eta lehengusuaren jaunartzean aspertutakoan—.
Beti nahi izan dut jauna dastatu. Etxean esan izan didate pasteletako loretxoen eta etxetxoen zaporea duela. Zein ona! Ttikitan tratua egiten saiatzen ginen lehengusua eta biok, berak jauna hartu eta niri gordean emango zidala, probatzeko. Amonak halako bekaturik mesedez eta faborez ez egiteko eskatzen zigun beti (eta kasu egiten genion).
Aitortzen dut gustatzen zaizkidala elizak. Batez ere Parisekoak. Zeinen ederrak diren Notre Dame eta Sacre Coeur (baina jakin nuenetik Montmartreko eliza Parisko Komunaren kontrako garaipen gisa eraiki zutela, moral kontserbatzailerik kontserbatzaileenaren alde, jada ez zait hain ederra iruditzen). Eta batez ere, asko gustatzen zait Ozentzioko ermita, hor, Oiartzunen Sorondorako bidean. Eta Oiartzungo biblioteka beheko kapilan jarri zutenean obrengatik behin-behinekoz, zirrara sentitzen nuen joaten nintzen bakoitzean.
Aitortzen dut dibertigarria iruditzen zaidala kandelak piztu eta desioak eskatzeko liturgia hori. Eta badakidala errezatzen (amonak erakutsita).
Baina, batez ere, eskertzen diet gurasoei ez bataiatu izana. Eliza katolikoak ezin ni zenbaki bezala erabili ahal izatea esateko hainbeste fededun ditugu —ni horien artean sartuz—, dirua eskatzeko botere publikoei eta, lotsarik gabeko adierazpenak eta ekintzak egiten dituztenean nire izenean ez izatea.
Gipuzkoako elizaren buruak esaten duenean (eta berarekin bat egin ez arren, elizkoiek, fededunek eta apuntatuek bere jarraitzaileen ordezkari gisa hitz egiten duenez) «haurdun gelditu den unetik bertatik emakume bat ama» dela, jaio ez den enbrioi batek «etxe kaleratzerik ez» esateko eskubidea duela (!!!???), eta PPk egindako abortuaren kontraerreforma «eskas» iruditzen zaiola «bortxaketen kasuan abortatu ahal izango dela»… Eta hori guztia eztabaidan «aportatu» nahi duelako esaten duela irakurtzen eta entzuten dudanean, zalantza sortzen zait ea gizon horri odola garunera heltzen ote zaion.
Horregatik, berriz ere eskerrak eman nahi dizkiet gurasoei, nik bataiatu nahi nuen edo ez erabakitzeko aukerarik ez nuenean ez zutelako neure partez erabaki eliza katolikoko kide izan behar nuela. Eskerrak eman behar dizkiet pentsatu zutelako erabakitzeko gaitasuna nuenean, nahi izanez gero eliza katolikoko kide bihurtuko nintzela.
Lan bat kendu didate. Bestela orain apostasiatzen ariko nintzateke.