Hondarribiko eta Irungo udal gobernuak auzitan
Eguzkik eta Ekologistak Martxan taldeek auzitegian jarritako bi salaketa tarteko Hondarribiko eta Irungo udalen jarduna auzibidean dago; konkretuki %100 publikoa den Txingudiko Zerbitzuak SA sozietatearen gerentea den Muñagorriren eta sozietatearen lehendakari eta lehendakariorde diren bi herrietako alkateen jarduna.
Txingudiko Zerbitzuak-ek uraren ziklo integrala, hiri hondakinen bilketa eta kaleen garbiketa kudeatzen ditu bereziki. Baina badirudi, azken aldiko salaketak tarteko, alor horietako hainbat jardunen kudeaketa ez dela legezkoa izan, eta ingurumenaren kontrako ekintzak egon daitezkeela.
Azkeneko salaketak Hondarribian kokatuta dagoen eta Irundik eta Lezotik oso gertu dagoen eta Txingudiko Zerbitzuak kudeatzen duen Zaldunbordako zabortegia legez kanpo eta klandestinoki erabili dela aditzera ematen du.
2013ko udazkenean aurkeztutako lehen salaketak, berriz, Jaizkibel mendian, mendiaren barrenetik, akuiferoetatik, ura ponpatzeko helburuz eraikitako sei zundaketak eta hamalau kilometroko hoditeria eraikitzeko burututako obrak auzitan jarri zituen.
Jaizkibelgo obrak Ingurugiro Eraginaren Banakako Ebaluaziorik gabe (ez da ahaztu behar Jaizkibel Europako Natura 2000 Sarean dagoela 2004ko abendua geroztik, eta Kontserbatzeko Eremu Berezi bezala sailkatua dagoela), Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko obra baimenik gabe (URAk bazuen horren berri), eta legeak ezarritakoa aintzat hartu gabe Hondarribiko Udalak 2010eko irailaren 27an emandako obra baimenarekin gauzatu ziren (udal espedientean ez dago obraren egokitasun urbanistikoari buruzko inolako txosten legalik; ez da aurrekaririk aipatzen, ezta txostena oinarritu beharko luketen erreferentzi legalik). Eta hau guztia nahikoa ez balitz, Hondarribiko Udala eta URA bera hori guztiaren jakinaren gainean leudeke.
Finean, 8 milioi euro baino gehiagoko kostua izan duten, ingurumen eragin handia duten eta garaiko Gipuzkoako ahaldun nagusia zen Markel Olanok emandako %50eko diru laguntza jaso zuten obra izugarriak (diotenez, obra hauek ahalbidetzen duten ura ateratzeko gaitasuna, egin asmo zen Jaizkibelgo kanpoko kaia bezalako obra baten egarria asetzeko modukoa litzateke), baina gure herrietako edozein jabe-kidegok beren teilatua edota fatxada konpontzeko bete beharko lituzkeen berme legalak baino baldintza eskasagoarekin burutuak izan direnak.
Bitartean, Txingudiko Zerbitzuak-ren kudeatzailearen eta bi udalerrietako gobernu ordezkarien jarduna auzitan badago ere, Txingudiko Zerbitzuak, bere webgunean dion bezala, «uraren, hondakinen eta kale garbiketen kudeaketa ekonomiko eta sozial iraunkorra bideratuz, baita ingurumenaren kudeaketa iraunkorra ere, egungo bidasoatarren beharrei erantzun ahal izateko, eta etorkizuneko belaunaldien beharrei erantzuteko gaitasuna sakrifikatu behar izan gabe, betiere gizakiaren aurrerabidearen ikuspuntua aintzat harturik», bere eguneroko lanean dihardu, eta berritasun bezala Urrezko Edukiontziaren Txapelketa martxan jarri du birziklatzeko ahalegin handiena egiten duen auzoari saritzeko bereizgarri gisa erabiliz.
Ez dakit urrezko edukiontzia birziklatzeko ahaleginaren sariketarako sinbolo egokia den, baina jakin badakit zaborraren eta uraren kudeaketak ezkutuko interesak eragiten dituela; eta nago ni, beste behin, Bidasoaldeko auzotarrei urrezko domina faltsuak zintzilikatzen dizkieten bitartean, iraunkortasunaren izenean baten batzuen poltsikoak urrezko txanponez betetzen ari direla aspaldidanik. Nortzuenak?