Santano, kirol guneari buruz: "Alternatibak aztertuko ditugu, baina Zubieta lehenesten dugu"
Plaiaundiko kirol gunea tokiz aldatzea hautsak arrotzen ari da alderdi, erabiltzaile eta ekologisten artean. Jose Antonio Santano Irungo alkatearen arabera, Eusko Jaurlaritzari hainbat aukera proposatu eta horietako askori ezezkoa eman ondoren, hasierako proposamena lehenetsi dute, Zubieta.
Hala eta guztiz ere, alternatibak berriro aztertzeko “inongo arazorik” ez duela esan du, baina ez dela “lan erraza”. Horretarako, alderdiekin biltzeko asmoa agertu du.
Zubieta “toki egokia” dela iritzi dio Santanok, “behar dugun kirol gunearen behar gehienak betetzen dituelako”. Horretarako, Hondarribiarekin hitz egin dutela jakinarazi du: “Urrats berriak egiten ari gara, Plan Partziala idazten, esaterako”.
Finantzazioaren haritik, udalbatzak eskatutako baldintzak betetzeko, Jaurlaritza eta aldundiaren konfirmazioaren zain daudela esan du. Konfirmazio hori lortzeko bakoitzari eskutitz bana bidali dietela esan du. Santanok gogorarazi duenez, 1993ko akordioaren arabera, Jaurlaritzak %30eko ekarpena egin beharko du, %50 aldundiak, eta udalak %20.
Bien bitartean, erabiltzaileei begira, egungo instalazioak “hobetzeko”, hainbat inbertsio egin dituztela nabarmendu du.