Pasaia Zero Zabor: «Zikina birziklatzen ez duena da, eta ez atez ateko bilketa sistema»
Iñaki Lertxundi eta Fidel Otxoa, Pasaia Zero Zabor taldeko kideak Atez atekoa zero zabor filosofiarekin bat egiteko sistemarik onena dela esan dute Pasaia Zero Zabor taldeko bi kideek, eta hondakinak baliabide bezala ulertu behar direla uste dute. Pasaia Zero Zabor taldeko Iñaki Lertxundi eta Fidel Otxoa sanjuandarrek euren proposamenen berri eman dute. Garbi dute Pasaian hondakinen kudeaketan aldaketa behar dela, eta horren gaineko irizpideak eman dituzte. Zer da zero zabor filosofia? Gure eguneroko jardunean erabili behar ditugun materialak alferrik galdu eta elementu kutsakor bihurtzen ez uztean oinarritzen da. Horretarako bitarteko egokiak finkatzen dira. Produktuak berrerabili eta birziklatzeko diseinatu ezean, produktuak birdiseinatzera edo sistematik at uztera jo beharko genuke. Zergatik ikusten duzue beharrezkoa filosofia hori sustatu eta aurrera eramatea? Ustiatu-kontsumitu eta botatzean oinarritzen den sistema bideraezina delako. Urteetan hondakinen kudeaketa txarra bertatik bertara bizi izan dugu bailaran. Politiko profesionalen agendan, urteetan lekua ez izatetik, egunetik gauera herritarron azalean jartzeko bezain besteko azala izatera igaro ziren. Bat-bateko jarrera aldaketa horrek, iragarpen zenbaiten bezperan geundelaren susmoak piztu zizkigun. Hala, hondakinak erraustea bezalako tratamendu bat oinarri izango zuen kudeaketa eredua saldu eta inposatu ziguten. Ordutik, urak bere bidea egin du, eta denborak, askoren hitz ederrez mozorrotutako zabor metak agerian utzi ditu. Agerian dagoen zabor [...]
Atez atekoa zero zabor filosofiarekin bat egiteko sistemarik onena dela esan dute Pasaia Zero Zabor taldeko bi kideek, eta hondakinak baliabide bezala ulertu behar direla uste dute.
Pasaia Zero Zabor taldeko Iñaki Lertxundi eta Fidel Otxoa sanjuandarrek euren proposamenen berri eman dute. Garbi dute Pasaian hondakinen kudeaketan aldaketa behar dela, eta horren gaineko irizpideak eman dituzte.
Zer da zero zabor filosofia?
Gure eguneroko jardunean erabili behar ditugun materialak alferrik galdu eta elementu kutsakor bihurtzen ez uztean oinarritzen da. Horretarako bitarteko egokiak finkatzen dira. Produktuak berrerabili eta birziklatzeko diseinatu ezean, produktuak birdiseinatzera edo sistematik at uztera jo beharko genuke.
Zergatik ikusten duzue beharrezkoa filosofia hori sustatu eta aurrera eramatea?
Ustiatu-kontsumitu eta botatzean oinarritzen den sistema bideraezina delako. Urteetan hondakinen kudeaketa txarra bertatik bertara bizi izan dugu bailaran. Politiko profesionalen agendan, urteetan lekua ez izatetik, egunetik gauera herritarron azalean jartzeko bezain besteko azala izatera igaro ziren. Bat-bateko jarrera aldaketa horrek, iragarpen zenbaiten bezperan geundelaren susmoak piztu zizkigun. Hala, hondakinak erraustea bezalako tratamendu bat oinarri izango zuen kudeaketa eredua saldu eta inposatu ziguten. Ordutik, urak bere bidea egin du, eta denborak, askoren hitz ederrez mozorrotutako zabor metak agerian utzi ditu. Agerian dagoen zabor meta horrek, oinarri oinarrian zerk ezaugarritzen du? Hondakinekin dagoen arazoa konpondu beharrean, hau da, zaborra sortu ez dadin neurriak hartu beharrean, zaborra sortzen eta materialak suntsitzen jarraitzea sustatzen duela.
Herritarrek hondakin gutxiago sortzeko ohiturak aldatu beharko lituzkete?
Herritarrok, administrazioak, industriak… Berebiziko papera eta ardura daukagu. Gure jendarte bilakaerak, kontsumo neurrigabeak ezinbestean jendea merkatuan integrarazi du. Parean, aldiz, denboran eraikitako, elikatutako ongizatea dago: kontsumitzearen ekuazioak pitzadurak erakutsi dizkigu…
Kontsumitzearen ekuazioak?
Noski! Kontsumo ereduan eta kontsumo arduratsuan sakontzen dugun heinean, hondakinen gutxitzearen bidea jorratzen ari gara ezinbestean. Honekin batera, ekonomian sartzen diren materialak berreskuragarriak izan daitezen neurriak hartu behar dira: diseinu horri begira arauak eta legeak egin behar dira eta ekonomia zirkularrean sartu diren materialak berreskuratzeko neurriak hartu behar dira. Hori bermatzeko, bilketa sistema egoki eta eraginkorrak jarri behar dira indarrean.
Atez atekoa da proposatzen duzuen sistema? Eraginkorrena al da?
Zero zabor norabideko urratsek sektore ekonomiko eta politiko indartsuenen oposizio gogorrak baieztatzen digu egunetik egunera hondakinen atez ateko gaikako bilketaren eraginkortasuna. Zertan gauzatzen da baina? Edozein bilketa sistemak materialak berreskuratzeko bete behar duen lehenengo araua jatorrizko materialen gaikako banaketa da. Beraz, etxeetan egiten den gaikako banaketa abiapuntua da, materialen berreskuratzea ziurtatzen duen hondakinen kudeaketa egoki bat bermatzeko.
Baina nola berma daiteke kudeaketa egoki hori?
Gaur egun sortzen ditugun hondakinen %90 inguru birziklagarriak dira. Atez ateko hondakinen gaikako bilketak bakarrik ahalbidetzen du gaur gaurkoz kopuru hori biltzea. Hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeko bitarteko eta praktika eraginkorrak herritarron eskura ipinita, zer erreko du orduan industriak? Zero zabor programak eta hondakinak erraustea aurrez aurre jarritako bi eredu ezberdin dira, hondakinak baliatzeko bi eredu antagoniko.
Herritar askok esaten dute zikina eta ez erosoa dela atez atekoa? Zer iritzi duzue?
Zikina birziklatzen ez duena da, eta ez atez atekoa. Zikinkeria, hondakinak nahasian era masiboan zaborra bihurtuz, praktikan errauskailua bezalako tratamendu toxiko, garesti eta kutsakor bati nahiko bazka emateko prest dagoen herritar axolagabearen arduragabekerian dago. Erosotasunaren edo utzikeriaren kultura non aterpetzen da, zaborrean nahi adina eta nahi eran sortzen jarrai dezagun praktikan ez bada? Baliabide eta lehengai diren hondakinak murriztu, berreskuratu, birziklatu eta konpostatu nahi dugunon aldean, milaka hiri hondakin nahasita kiskaltzen dituen labe erraldoia, hori al da garbia? Hondakinak gaika bereizi eta kalera ateratzea herritar guztion betekizuna ez dela sinistuta bizi nahi dutenen oinarrian, norbanakoaren erosotasuna, kontzientzi eta konpromiso eza ezkutatzen da. Gaika bildutako hondakinak ez du kiratsik sortzen… Eta zaborrak?
Zein jarrera duzue bosgarren edukiontziaren aurrean? Ez al du birziklapen kopuru altua bermatzen?
Lehenik eta behin, atez atekoaren edo bosgarren edukiontziaren arteko herri galdeketa exijitzen dutenei zuzenduko gatzaizkie. Zergatik ez duzue errauste planta bai edo ez, edo planta hori non kokatu bezalako herri galdeketa baten eskaririk planteatzen? Horren harira, memoria pixkat egitea komeni da: Usurbilgo Udalak ekarri zuen lehenez Euskal Herrira, bere birziklatze tasa handia ikusirik, errauste planta beharrezkoa ez dela frogatzeko epe motzean, eta zabor-kultura aldatzeko, epe ertain-luzean. Atez atekoaren presioaren ondorioz ezarri da 5. edukiontzia Gipuzkoan, eta bere birziklatze maila altua ez izanik, errauste plantarekin bat etorrita eta makilaje politiko bikain bezala balio du. Bosgarren edukiontzi bidezko bilketa, borondatezko birziklatzean oinarritzen da, ondorioz, errauste planta aurreikusten du, eta hondakin kutsagarrientzako zabortegia beharko luke. Atez ateko bilketa bidez, aldiz, gai guztiak birziklatzea derrigorrezkoa da. Ez du errauste plantarik aurreikusten eta azken errefusa oso txikia eta inertea denez, zero zabor helburura hurbiltzen da. Bosgarren edukiontziak zein interesei erantzuten dion jakitea komeni da. Jaizkibelgo beste magalean, Txingudin, Irun eta Hondarribiako agintariek bosgarrena ezartzea erabaki dute. Gaikako bilketa %35ean inolaz gainditu ezin duen sistema bidez Bidasoaren erriberetan planta txiki bat eraikitzeko asmoa izanik.
Zein lan duzue aurretik?
Bide antzuak alboratu eta daukagun arazoa konponbidean jartzea izango da hurrengo hilabeteetako erronka nagusia Pasaian ere. Hondakinen kudeaketan herritarren osasuna eta ingurumena lehenetsiz, zabortegi kutsakorrak eta errausketak baztertuz eta hondakinak murrizteko, berreskuratzeko eta berrerabiltzeko arlo guztietan bitartekoak jarriz, hondakinak diren bezala hartzea dagokigula, baliabide bezala, eta ez zabor bezala.


