Preso gaixoen gaineko mozioa onartu du Udalbatzak
Preso gaixoen gaineko mozioa onartu du Udalbatzak
Bilduk gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru euskal presoen gainean aurkeztutako mozioa onartu zuen atzo Udalbatzak. Bilduko zinegoztien bozkekin egin zuen aurrera proposamenak. Bertan, preso gaixoen egoeraren aurrean kezka azaldu eta Madrilgo Gobernua urratsak ematera deitzea proposatzen zuen mozioak batetik, eta preso horien baldintzapeko askatasuna galdegitea, bestetik. Halaber, Espetxetako Zuzendaritza Nagusira eta Madrilgo Barne Ministraritzara akordioaren berri helaraztea eskatzen zuen. PSE-EE abstentzioa bozkatu zuen eta EAJ-k berriz, kontra.
EAJko zinegotziek mozio alternatiboa aurkeztu zuten horren harira. Azken horrek ez zuen ordea aurrera egin, EAJko hiru zinegotzien aldeko bozkak baino ez baitzituen jaso. Bilduk kontra egin zuen eta PSE-EEko zinegoztiak berriz abstentzioaren alde egin zuen.
Frankismoaren krimenen aurkako kereilaren gaineko mozioa ere aztertu zuen plenoak atzoko saioan. Horrek ere aurrera egin zuen Bilduko aldeko botoekin. EAJ eta PSE-EEko zinegotziek abstentzioa bozkatu zuten.
Ordenantza fiskalen aldaketa
2013 urteari begirako ordenantza fiskalen aldaketa proposamenak ere aurrera egin zuen Bilduko zinegotzien aldeko botuekin. PSE-EEk eta EAJ kontra bozkatu zuten. Horren arabera, KPIaren igoeraren araberakoa izango da hazkundea, %2,2koa, alegia, salbuespenak izango direla azaldu bazuten ere. Horien artean, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga nabarmendu zuen Ainhoa Intxaurrandieta Bilduko zinegotziak: “Hori ez da igoko, ikusita inguruko herrietako garestiena guk dugula”. OHZ, Ondasun Higiezinen gaineko zergari dagokionean, bigarren etxebizitza hutsa duten herritarrei %150eko igoera ezarriko diote bigarren etxebizitza horrengatik.


