Hainbat kaleri izena aldatzea proposatu du EAJk Errepublikako izenekin
Hilaren 13an udalak Errepublikako azken Udalbatzari egindako omenaldiari jarraipen bat emate aldera, EAJk mozio bat aurkeztu du herriko hainbat kaleri Errepublikarekin lotutako izenak jartzeko. Astearteko udalbatzarrean eztabaidatuko dute. Lehenengo pr...
Hilaren 13an udalak Errepublikako azken Udalbatzari egindako omenaldiari jarraipen bat emate aldera, EAJk mozio bat aurkeztu du herriko hainbat kaleri Errepublikarekin lotutako izenak jartzeko. Astearteko udalbatzarrean eztabaidatuko dute.
Lehenengo proposamenak 1931ko irailaren 14an Errenteriako Udalbatzak hartutako erabakia du abiapuntua. Bertan Gabierrotatik hasten den kaleari Sabino Arana hiribidea jartzea hitzartu zuten, eta Zumardiari, berriz, Euskadi hiribidea. Horrenbestez, Gabierrotako biribilgunetik Santa Klara zubirainoko tarteari Sabino Arana hiribidea jartzea proposatu du EAJk; Santa Klara biribilgunetik Galizia (Niessen) biribilgunerainoko tarteari Euskadi hiribidea, eta Galizia biribilgunetik Alabergarainoko tarteari Nafarroako hiribidea.
Bigarren proposamenak Errepublikako azken Udalbatzari egindako omenaldia du oinarrian. Horrenbestez, Vicente Elizegi kaletik hasita —Mendarte etxeko kantoia— Zumardirainoko Biteri kale tarteari eta hor dagoen plazatxoari (Benito taberna dagoena) Serapio Mendarte kalea jartzea planteatu du, fusilatu zuten zinegotziaren omenez. Bestetik, Vicente Elizegi kantoitik Xenpelar kaleko kantoirainoko Biteri kale tarteari (Biteri Txiki) Paulino Garcia kalea, Errepublikako azken alkatearen omenez. Biteri kaleak, bere izena mantenduko dute Morrongileta kaleko kantoitik Alabergako biribilguneraino.

