’1.700 kideetatik 700 atxilotu zituzten’
Victor Lopez Barrantes (1939, Bartzelona, Herrialde Katalanak) Nicolas Gerendiain Elkarte Errepublikarreko kidea da. Urtero bezala, Comete Sarearen omenezko ekitaldietan parte hartuko du beste hamaika ordezkariekin batera, sarean lanean aritu ziren guztiak gogora ekarri eta horiek omentzeko helburuarekin. Zertan zetzan Comete Sarea? Comete Sareak Bidasoaren alde batetik bestera igarotzen laguntzen zituen eroritako pilotuak. Frantziarrak zirenak Afrika iparraldera ailegatzen laguntzen zituzten, eta anglosaxoiak, berriz, Portugal aldera bidaltzen zituzten, berriz ere pilotatu zezaten. Comete Sarea 1940. urtean sortu zen, Andrée de Jongh Dédée belgiarraren eskutik, eroritako pilotuak alemaniarren eskutan erortzea ekiditeko asmoz. Angelun familia zeukanez, Ingalaterrako zerbitzu sekretuko Madrilgo kide batekin harremanetan jarri zen sarea eratzeko. Hala, Angelutik Urruñako Bidegain baserrira eramaten zituzten soldaduak eta bertan elikatzen zituzten. Ondoren, Biriatutik gorago dagoen San Migeleko ibitik Bidasoa ibaia zeharkatzen zuten. Sarobe baserrira iritsi eta Aiako Harriaren atzealdera joaten ziren, eta bukatzeko, Iruñeko, Donostiako edota Madrilgo kideak etortzen ziren, eta beren kargupean hartzen zituzten, Afrikaraino edota Portugaleraino eramateko. Ingalaterrako enbaxadorearen txoferraren semeak adibidez, lau garaje alokatu zituen Amuten –Hondarribia– eta bertan gobernu britaniarraren lau kotxe gordetzen zituzten, pilotuak Madrileraino eramateko. Zenbat lagunek parte hartu zuten sarean? Sarea 1.700 kide izatera iritsi zen, tartean Florentino Goikoetxea eta Kattalin Agirre mugalari eta errepublikar ezagunak. Sokoako kanposantuan lurperatu [...]
Victor Lopez Barrantes (1939, Bartzelona, Herrialde Katalanak) Nicolas Gerendiain Elkarte Errepublikarreko kidea da. Urtero bezala, Comete Sarearen omenezko ekitaldietan parte hartuko du beste hamaika ordezkariekin batera, sarean lanean aritu ziren guztiak gogora ekarri eta horiek omentzeko helburuarekin.
Zertan zetzan Comete Sarea?
Comete Sareak Bidasoaren alde batetik bestera igarotzen laguntzen zituen eroritako pilotuak. Frantziarrak zirenak Afrika iparraldera ailegatzen laguntzen zituzten, eta anglosaxoiak, berriz, Portugal aldera bidaltzen zituzten, berriz ere pilotatu zezaten. Comete Sarea 1940. urtean sortu zen, Andrée de Jongh Dédée belgiarraren eskutik, eroritako pilotuak alemaniarren eskutan erortzea ekiditeko asmoz. Angelun familia zeukanez, Ingalaterrako zerbitzu sekretuko Madrilgo kide batekin harremanetan jarri zen sarea eratzeko. Hala, Angelutik Urruñako Bidegain baserrira eramaten zituzten soldaduak eta bertan elikatzen zituzten. Ondoren, Biriatutik gorago dagoen San Migeleko ibitik Bidasoa ibaia zeharkatzen zuten. Sarobe baserrira iritsi eta Aiako Harriaren atzealdera joaten ziren, eta bukatzeko, Iruñeko, Donostiako edota Madrilgo kideak etortzen ziren, eta beren kargupean hartzen zituzten, Afrikaraino edota Portugaleraino eramateko. Ingalaterrako enbaxadorearen txoferraren semeak adibidez, lau garaje alokatu zituen Amuten –Hondarribia– eta bertan gobernu britaniarraren lau kotxe gordetzen zituzten, pilotuak Madrileraino eramateko.
Zenbat lagunek parte hartu zuten sarean?
Sarea 1.700 kide izatera iritsi zen, tartean Florentino Goikoetxea eta Kattalin Agirre mugalari eta errepublikar ezagunak. Sokoako kanposantuan lurperatu zituzten eta bertan hasten da urtero ibilaldia, biak omendu ondoren. Hala, 1.700 kideetatik 700 atxilotu zituzten, eta horietatik 200 errefuxiatu eremuetan eta fusilatuta hil zituzten.
Nola hartuko duzue parte ospakizunetan?
Omenezko ekitaldi guztietan parte hartzen dugu, bandera errepublikarra esku artean dugula. Horrekin batera, bazkarietan, hitzaldietan eta sareak egiten zuen ibilbide osoa gogora ekarriz parte hartzen dugu. Aurten, hala ere, ibilbidea aldatzea erabaki dugu: Angelutik Larresorora, hortik Ezpeletara eta Dantxarineara. Aurten, ospakizunak hilaren 7an –gaur– hasiko dira Donibane-Lohizunen egingo den zeremoniarekin, eta ondoren alkatetzak ohorezko ardo dastaketa egitera gonbidatuko gaitu. Ondoren Sokoako kanposantura abiatuko gara Goikoetxea eta Agirre omentzera.
Sareko kideren batek bizirik segitzen du gaur egun?
Hiru pilotu gelditzen dira bizirik, bata eskoziarra, bestea australiarra eta kanadarra azkena, baina 96-98 bat urte dauzkate dagoeneko. Hala ere, urtero horien seme-alabak eta bilobak etortzen dira eta ospakizunetan parte hartzen dute.
Zenbat lagunek parte hartu dezakete?
150-200 lagun inguru bildu ohi gara, tartean ingelesak, kanadiarrak, frantsesak, belgak… Espainiarrek ere parte hartzen dute, baina ez espainiar soilak, espainiar errepublikarrak, noski.
Nongoa zara zu?
Ni Bartzelonan jaio nintzen. Nire aita errepublikarra zen, Manuel Azañaren aldekoa eta Espainiako Bankuko kanpoko gobernadore gisa aritzen zen Bartzelonan. Faxistek hegoaldeko Herrialde Katalanak okupatu zituztenean Perpinyara joan ginen. Hortik Parisera abiatu ginen eta orduan, Alemaniak Frantzia okupatu zuen. Nire aitak itzuli nahi izan zuen baina bidean ginela nire amak nire arreba erditu zuen, eta beraz Bordelen gelditu behar izan ginen. Kalean bertan jaio zen.
Mexikora bidean abiatzen zen itsaontzi bat hartzea erabaki zuten gurasoek orduan, baina ingelesek bonbardatu zuten eta bertan gelditu behar izan genuen. Azkenean, Hendaiara abiatu ginen eta 15 urtez bertan izan ginen. Petrolioan lan egin nuen urte askotan, eta nire ama hil zenean nire aitak berarekin Madrilera joateko eskatu zidan, eta hala egin nuen. Han ere petrolio konpainia batentzat hasi nintzen lanean erretiroa hartu nuen arte. Momentu horretan Hendaiara itzultzea erabaki nuen eta bertan bizi naiz gaur egun.
Nola ikusten duzu hirugarren errepublikaren bidea?
Aterabide bakarra dela uste dut. Espainiako azpiegitura soziala eta geografikoa sistema deszentralizatu bat eskatzen du; hau da, errepublika federal batean pentsatu behar dugu. Horrek gobernu zentral indartsu bat beharko luke, eskualde ezberdinen oreka mantentzeko. Guk dugun ilusioa da espainiar herriak erabakitzea. Errepublika bat ezin da inposatu, botoen bitartez atera behar da, eta behetik etorriko da gainera.
Comete Sarea omentzeko egitaraua:
Irailak 7: 10:45 Donibane-Lohizuneko hildakoen oroigarrian zeremonia. 11:00 Donibane-Lohizuneko Herriko Etxean ohorezko ardoa. 14:30 Sokoako kanposatuan hitzordua. 14:45 lore eskaintza Florentino Goikoetxearen eta Kattalin Agirreren hilobien aurrean. 16:30 lore eskaintza Dassie familiaren hilobiaren aurrean, Baionako St Leon kanposatuan. 17:00 Angeluko Villa Voisin parean hitzordua. 18:30 Ohorezko ardoa Angeluko Herriko Etxean. 20:00 adiskidetze afaria Donibane-Lohizunen.
Irailak 8: 08:15 autobusa Donibane-Lohizuneko geltokian. 09:00 Angelu Sutar ibilaldiaren irteera. 12:00 Hamaiketakoa Kapito Harrin eta ondoren Gnagna Bordera irteera autobusean. 13:30 Larresoroko Deabruaren Zubian aperitiboa. 14:00 Ezpeletera ibilaldiaren jarraipena. 15:30 Barbakoa eta musika Ezpeletan. 18:00 Comete Sareko mugalariei omenezko zeremonia hildakoen oroitarrian. 18:30 Ardoa Ezpeleteko Herriko Etxearen eskutik. 19:00 Donibane-Lohizunera buelta.
Irailak 9: 07:30 Routiere Donibane-Lohizungo geltokitik irteera. 08:30 Ezpeleteko elizara martxa. 09:00 Beteranoentzat autobusa. 14:00 Bazkaria Esteben Borda aterpeetxean. 17:30 Donibane-Lohizunera buelta.


