Goikoetxearentzat hamargarren txapela
Iñaki Goikoetxeak hamargarren aldiz jantzi du txapela Munduko Pilota Batzarrak antolatzen duen Banakako Zesta Punta Txapelketa Nagusian. Ostiralean Lopezi gailendu zitzaion Hondarribiko Jostaldin jokatu zuten final emozionagarri batean (30-28). Ikusleen erantzuna bikaina izan zen eta udako azken saiorako Jostaldi pilotalekuko harmailak ia leporaino bete zituzten. Bi pilotariak zumaiarrak izanik, herritar asko hurbildu zen Jostaldira, bakoitzak bere aldeko pilotaria sustengatzera. Norgehiagoka uneoro oso parekatua joan zen. Goikoetxea hasi zen markagailuan aurretik eta hala jarraitu zuen lehen berdinketa arte (6-6). Ondoren Lopez indartsu ageri zen eta hiru tantoko aldearekin aurreratu zen (7-10). Lehiaren gogortasunaren adierazle bezala, hiru tantoko aldea izan zen partidan zehar batel ala besteak lorturiko handiena —Lopez behin izan zen hiru puntuz aurretik eta Goikoetxeak hiru bider eskuratu zuen alde hori (16-13, 17-14 eta 18-15)—. Finaleko azken zatia urduritasun handiz bizitu zuten zaleek. 26nako berdinketaren ostean Lopezek hartu zuen aurrea, baina Goikoetxeak azken tantoetan asmatu zuen; hiru egin zituen errenkan (29-27) eta, Lopezek 28koa lortu bazuen ere, garaipenak ez zion eskutik ihes egin. Partida amaieran txapeldunak onartu zuenez, lehia gogorra izan zen: “Oso parekatua izan da; nahaigo izan dut markagailuari ez begiratu eta nire jokoa egiten hasi”. Goikoetxea pozik agertu zen hamargarren txapela buruan zuelarik. “Ibilbide ona egiten ari naizelaren [...]
Iñaki Goikoetxeak hamargarren aldiz jantzi du txapela Munduko Pilota Batzarrak antolatzen duen Banakako Zesta Punta Txapelketa Nagusian. Ostiralean Lopezi gailendu zitzaion Hondarribiko Jostaldin jokatu zuten final emozionagarri batean (30-28). Ikusleen erantzuna bikaina izan zen eta udako azken saiorako Jostaldi pilotalekuko harmailak ia leporaino bete zituzten. Bi pilotariak zumaiarrak izanik, herritar asko hurbildu zen Jostaldira, bakoitzak bere aldeko pilotaria sustengatzera.
Norgehiagoka uneoro oso parekatua joan zen. Goikoetxea hasi zen markagailuan aurretik eta hala jarraitu zuen lehen berdinketa arte (6-6). Ondoren Lopez indartsu ageri zen eta hiru tantoko aldearekin aurreratu zen (7-10). Lehiaren gogortasunaren adierazle bezala, hiru tantoko aldea izan zen partidan zehar batel ala besteak lorturiko handiena —Lopez behin izan zen hiru puntuz aurretik eta Goikoetxeak hiru bider eskuratu zuen alde hori (16-13, 17-14 eta 18-15)—.
Finaleko azken zatia urduritasun handiz bizitu zuten zaleek. 26nako berdinketaren ostean Lopezek hartu zuen aurrea, baina Goikoetxeak azken tantoetan asmatu zuen; hiru egin zituen errenkan (29-27) eta, Lopezek 28koa lortu bazuen ere, garaipenak ez zion eskutik ihes egin. Partida amaieran txapeldunak onartu zuenez, lehia gogorra izan zen: “Oso parekatua izan da; nahaigo izan dut markagailuari ez begiratu eta nire jokoa egiten hasi”. Goikoetxea pozik agertu zen hamargarren txapela buruan zuelarik. “Ibilbide ona egiten ari naizelaren beste adibide bat da”, esan zuen.
Galdu arren, Lopez gustura zegoen “Iñakik lan handia egin behar izan zuelako”. Esan zuenez, “Goikok markagailuan ihes egiten ez uzteko” asmoarekin kantxaratu zen eta ondo eutsi ziola onartu zuen. “Agian ez da partida polita izan, baina bai emozioz betea eta oso gogorra”, gehitu zuen txapeldun ordeak.
Egiguren-Hernandez udako bikote onena
Gaueko beste partidan Egiguren-Hernandez bikoteak garaipena lortu zuen Olharan-Enbilen aurka (30-27). Garaipen horrekin udako bikote indartsuena izan dela berretsi dute, jokatutako zortzi partidetatik bakarra galdu baitute Egigurenek eta Hernandezek.