Elkartrukatuz hazi, hezi eta aberastu
Herbeheretako 25 ikaslek astebete eman dute Pasaian, Lizeoko beste hainbeste ikasleen etxeetan; Gaur itzuliko dira beren herrira, Roermond-era, maleta bizipenekin beteta Bazkaltzeko ordua. Astelehena. Pasaia-Lezo Lizeoko 25 ikasle eta Herbehereetako Roermond hiritik gurera etorritako beste hainbeste gazte, Itsas Mendi elkartean daude bilduta, hango eta hemengo irakasleak lagun, eta bertako ikasleen gurasoek okasiorako propio prestatutako jakiak dastatzen. Ingelesez ari dira. Horixe dute komunikatzeko hizkuntza. Aurretik elkar ezagutzen dute. Izan ere, pasaitarrak martxoan izan ziren han. Orain, baina, gidari lanak pasaitarrei egokitu zaizkie, hangoak euren etxeetan daudelako ostatu hartuta. Goizean arraunean eta pilotan aritu dira. Orain, mahaiaren bueltan, patxadarako tartea hartu dute. Solasaldietarako txanda da. Pasaia-Lezo Lizeoak Bisschoppelijk College Broekhin eskolarekin egiten duen zortzigarren elkartrukea da. Batxilergoko lehen mailako ikasleek parte hartzen dute eskola trukean, eta ikastolako ikasleen artean klasikoa da. Han edo hemen, bestela Ekain Iribarren antxotarrak Ted Augustus hartu du etxean. Iribarrenen arabera, esperientzia oso ezberdina da han izan edo hemen egon. «Hemen Ted oporretan dago, eta nabari da. Nahiko isila da, baina oso jatorra». Augustusi galdetuta, berriz, honakoa dio: «Hemengo ordutegiek harritu naute gehien. Dena oso berandu egiten dute». Beñat Etxenikek eta Justin Dankerrek beste bikote bat osatzen dute. Anoetan izan ziren igandean, Realaren partida ikusten, eta Justinek primeran [...]
Herbeheretako 25 ikaslek astebete eman dute Pasaian, Lizeoko beste hainbeste ikasleen etxeetan; Gaur itzuliko dira beren herrira, Roermond-era, maleta bizipenekin beteta
Bazkaltzeko ordua. Astelehena. Pasaia-Lezo Lizeoko 25 ikasle eta Herbehereetako Roermond hiritik gurera etorritako beste hainbeste gazte, Itsas Mendi elkartean daude bilduta, hango eta hemengo irakasleak lagun, eta bertako ikasleen gurasoek okasiorako propio prestatutako jakiak dastatzen.
Ingelesez ari dira. Horixe dute komunikatzeko hizkuntza. Aurretik elkar ezagutzen dute. Izan ere, pasaitarrak martxoan izan ziren han. Orain, baina, gidari lanak pasaitarrei egokitu zaizkie, hangoak euren etxeetan daudelako ostatu hartuta. Goizean arraunean eta pilotan aritu dira. Orain, mahaiaren bueltan, patxadarako tartea hartu dute. Solasaldietarako txanda da.
Pasaia-Lezo Lizeoak Bisschoppelijk College Broekhin eskolarekin egiten duen zortzigarren elkartrukea da. Batxilergoko lehen mailako ikasleek parte hartzen dute eskola trukean, eta ikastolako ikasleen artean klasikoa da.
Han edo hemen, bestela
Ekain Iribarren antxotarrak Ted Augustus hartu du etxean. Iribarrenen arabera, esperientzia oso ezberdina da han izan edo hemen egon. «Hemen Ted oporretan dago, eta nabari da. Nahiko isila da, baina oso jatorra». Augustusi galdetuta, berriz, honakoa dio: «Hemengo ordutegiek harritu naute gehien. Dena oso berandu egiten dute».
Beñat Etxenikek eta Justin Dankerrek beste bikote bat osatzen dute. Anoetan izan ziren igandean, Realaren partida ikusten, eta Justinek primeran pasatu zuen. «Gehien gustatu zaidana parrandan irtetea izan da», dio barrezka.
Ibai Ibargarairi, aldiz, hango esperientiaz galdetuta argi du erantzuna: «Han dena laua da, eta txirrindan ibiltzeko primerakoa. Beraiek beti erabiltzen dute txirrinda». Gilles Puts izan du etxean Ibargaraik.
Han, trukeak maizago
Hango ikasleentzako hemengoentzako baino ohikoagoa da eskola trukeetan parte hartzea. Herbeherear taldea hemen den bitartean, beren eskolan beste hamar eskola truke gauzatzen ari dira. Imke Seuren, esaterako, Lide Gilen etxean egon da, baina berarentzat, Pasaiakoa ez da lehenbiziko eskola trukea izan. Aurretik Sevillan izan da. «Hegoaldea eta iparraldea oso ezberdinak dira», dio bi esperientziak alderatzeko eskatuta. Gaztelera gutxi ikasi duela dio Seurenek, hare gutxiago euskara.
Sanne Theunissen Maialen Billenaren etxean da. Pasaiara etorri aurretik, Belgikan izan da eskola trukean. «Bizimodua, janaria… kulturen arteko aldeak ezagutzea»; horiek dira eskola trukeetan gehien gustatzen zaizkionak.
Harremanetan trebatzeko
Eneritz Dominguezek Danique Scheffer du etxean. Oso lotsatia da Eneritz, eta esperientziak, zentzu horretan, asko lagundu diola uste du. Ingelesa ere hobetu duela uste du, baita nederlandera pixka bat ikasi ere. Scheffer sagardotegira gonbidatu zuen egun librean, eta hari gustatu, «sagardoa baino gehiago, txuleta».
Irakasleen konpromisoa
Baina eskola trukea gauzatuko bada, irakasleen konpromisoa ezinbestekoa da. Lizeoan eskola truke honek bi bultzatzaile nagusi ditu: Antxon Serras eta Ainhoa Sarriegi dira. Hangoen kasuan, berriz, hirukote batek osatzen du irakasle taldea: Rita Vrij irakaslea da beteranoena. Zortzi urtean etorri da Pasaiara. Sei urtean parte hartu du Fred Kesselsek eta bost ditu egitasmoan Yvonne Steenkamerrek. Profesional taldea ez ezik, lagun talde sendoa osatzen dute guztiek, eta funtsezko garrantzia aitortzen diote horri denek.
Eskola trukeak atzerriko hizkuntzan trebatzeko baino askoz gehiagorako balio duela argi dute, «hezteko eta hazteko primerakoa» dela diote, eta ikasketetarako pizgarri ere badela argi dute. «Oso motibagarria zaie. Harrera oso ona du, eta parte hartu nahi dute. Ikasketetan ondo ibili, astelehenero bi ordu gehigarri eman, gurekin eskola trukea prestatu… Beren aldetik asko jarri behar dute parte hartu ahal izateko». Hala ere, ikasleen %75ak parte hartzen du trukeetan.
Ikasleentzat eskola trukea esperientzia aberasgarria bada, irakasleentzat ez da gutxiago. Lan eskerga izanagatik asko dute elkarrengandik ikasteko. «Asko hitz egiten dugu hango eta hemengo hezkuntzaz. Arazoak, krisiaren eragina, pedagogia, metodologia…»; guztiak partekatzen dituzte.
Gurasorik gabe, ezin
Eskola trukeak iraun duen astebetean hamaika jarduera egin dituzte ikasleek. Horiek guztiak aurrera eramateko, baina, gurasoen laguntza ezinbestekoa da. Hala aitortu dute irakasleek. Baina gurasoek, gustura asko laguntzen dute. Bea Saenzek, esaterako, ez zuen bat ere zalantzarik izan ikastolatik laguntza eskatu zutenean: «Egia esan, gurasoen artean oso giro polita sortzen da beti. Ez nuen zalantzarik izan».
Juanma Fernandez de Gorostiza ere pozik dago esperientziarekin. Alaba oso gustura ari dela uste du, baina guraso gisa topatu dio zirrikitu gazi-gozoa: «Uste duzu ingeles pixka bat badakizula, eta konturatzen zara ideiarik ere ez duzula».