Iritzia: ‘Emakume Abertzale Batza’ (Agustina Pontesta)
Hil honen 22an bete dira 90 urte erakunde hau sortu zenetik. Eta urtebetetze honen karietara hitz hauen bidez eskertu nahi ditut gure amonak, amak eta izeba guztiak. Hauen lan isila ere kontuan hartzekoa baita. Ordutik hona, denbora luzea pasa da eta euskal gizartea asko aldatu bada ere, azken urteotan ezinbestekoa da edozein erakunderen garrantzia aztertzerakoan erakunde horren testuingurua kontuan edukitzea. Eta gure kasuan ez dugu ahaztu behar XX. mende hasierako emakumearen egoera nolakoa zen batetik, Euskal Herriko industrializazio berantiarra zela medio lurraldearen garapen ekonomikorako zeuden zailtasunak emakumearen lan merkaturatzea baztertzen zuelako. Bestetik, elizaren eragina aipatu beharrekoa da, non emakumea “rol tradizionalera” mugatzen baitzuen, hau da, etxe zokora. Egoera horri aurre egin behar izan zioten emakume hauek. Beraz, zailtasunak zailtasun, emakume hauek lekutxoa egiten jakin zuten gizarte aldakor hartan, eta ahal zuten heinean kale ekimenetan parte hartuz, lanbide egokia ikasi eta ordaindutako lan merkatuan sartu eta gero, gizonezkoen sindikatu eta erakunde politikoetan parte hartuz. Bistan da guzti honek aldaketa nabaria ekarri zuela. Euskal Herriak ere aldaketa prozesu hau barru-barrutik bizi izan zuen, eta orduan abiatu ziren gure herrian hainbat ekimen kultur alorrean, heziketan eta euskaran, hala nola, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Euzko Ikastola Batza, euskal komunikabideak… Guztiak 1912-1920 bitartekoak. Baina agian aurrerapenik [...]
Hil honen 22an bete dira 90 urte erakunde hau sortu zenetik. Eta urtebetetze honen karietara hitz hauen bidez eskertu nahi ditut gure amonak, amak eta izeba guztiak. Hauen lan isila ere kontuan hartzekoa baita.
Ordutik hona, denbora luzea pasa da eta euskal gizartea asko aldatu bada ere, azken urteotan ezinbestekoa da edozein erakunderen garrantzia aztertzerakoan erakunde horren testuingurua kontuan edukitzea. Eta gure kasuan ez dugu ahaztu behar XX. mende hasierako emakumearen egoera nolakoa zen batetik, Euskal Herriko industrializazio berantiarra zela medio lurraldearen garapen ekonomikorako zeuden zailtasunak emakumearen lan merkaturatzea baztertzen zuelako. Bestetik, elizaren eragina aipatu beharrekoa da, non emakumea “rol tradizionalera” mugatzen baitzuen, hau da, etxe zokora. Egoera horri aurre egin behar izan zioten emakume hauek.
Beraz, zailtasunak zailtasun, emakume hauek lekutxoa egiten jakin zuten gizarte aldakor hartan, eta ahal zuten heinean kale ekimenetan parte hartuz, lanbide egokia ikasi eta ordaindutako lan merkatuan sartu eta gero, gizonezkoen sindikatu eta erakunde politikoetan parte hartuz. Bistan da guzti honek aldaketa nabaria ekarri zuela.
Euskal Herriak ere aldaketa prozesu hau barru-barrutik bizi izan zuen, eta orduan abiatu ziren gure herrian hainbat ekimen kultur alorrean, heziketan eta euskaran, hala nola, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Euzko Ikastola Batza, euskal komunikabideak… Guztiak 1912-1920 bitartekoak. Baina agian aurrerapenik emankorrena, eta ezagunena, irakaskuntza alorrean eman zena izan zen, lehenengo ikastolen sorrerarekin. Foru aldundiek sortutako auzo eskoletan ere euskara sartu zuten, eta andereñoen eta irakasleen prestakuntzarako Euzko Irakasle Batza sortu zuten, eta ikastolen zabalkunderako, aldiz, Euzko Ikastola Batza.
Testuinguru honetan eta egin zuten lan eskergagatik bada, aipagarria da Emakume Abertzale Batza. Eusko Alderdi Jeltzalearen emakumeek osatzen zuten erakunde hau. Eta bi aldi garrantzitsu izan zituen bere barruan; lehenengoan, sorrera eta sendotzea ekarriko zuena (1922an sortu eta 1923ko irailean Primo de Riveraren diktaduraren etorrera artekoa), eta diktadura desagertu ondorenean bigarren aldia, hau da, garapena, berrindartu eta aurreko lanari ekin ziotenekoa, “altxamenduak” bertan behera uztera derrigortu zuten arte.
Abertzaletasunaren zabalkundea zuten helburu, eta horretarako ekimen mota desberdinez baliatu ziren. Abertzaletasunari eta euskal gizarteari, oro har, eskaini zioten bizia, nahiz eta askotan zigorra jaso ordainetan. Hainbat arlotan lan egin zuten: batzuek, irakaskuntzan; besteak, ongizatean; beste batzuek dantzak, edota musika irakasten, hitzaldiak ematen…
Aipagarriak dira baita ere emakumeak prestatzeko antolatzen ziren ikastaldiak, bakoitzak zekiena besteei irakasten eta laguntzen batik bat.
Horra, hitz gutxitan eta laburki emana, emakume abertzale hauei esker nola iritsi garen gaurko emakumeok bizi dugun egoera itxaropentsu honetara, herriarekiko maitasuna aldarrikatzen zuten eta horregatik bakarragatik, zigortuak izan ziren, heriotza zigorra eta espetxeaz kasu askotan. Ausardia eta kemena ez zitzaien falta, kontsekuenteak izan ziren beren ideiekin. Badugu ispilua non begiratu. Mila esker denei zuen borrokagatik, zuei esker garelako.

