Kataluniako atez ateko esperientzia, herrian hizpide
Gipuzkoako errausketaren aurkako plataformak hainbat hitzaldi antolatu ditu datorren asterako, atez atekoaren gainean. Horietako bat Lezon izango da. Datorren ostegunean egingo dute, hilaren 26an, 19:30etik aurrera, Gezala Auditoriumean. Plataformak Ka...
Gipuzkoako errausketaren aurkako plataformak hainbat hitzaldi antolatu ditu datorren asterako, atez atekoaren gainean. Horietako bat Lezon izango da. Datorren ostegunean egingo dute, hilaren 26an, 19:30etik aurrera, Gezala Auditoriumean.
Plataformak Kataluniako esperientzia Gipuzkoan azaldu nahi du. Izan ere, hamar urte daramatzate eurek atez ateko hondakin sistemarekin. Plataformako kideek nabarmendu dutenez, kolore politiko ezberdinetako alkatetzak dituzten ehun udalerri baino gehiagotan egiten da bilketa mota hori Katalunian. Biztanle kopuru handiak dituzten hirietan ere egiten dute atez atekoa. Gavan (Bartzelona), esaterako, 46.000 biztanle pasatxo bizi dira.
Lezoko hitzaldian Ignasi Puig Ventosak hitz egingo du. Goi mailako industria ingeniaria da, Ingurumen Zientzietan doktore izateaz gain. Manual del Pap (Atez atekoaren eskuliburua) liburua ere idatzi du, eta zaborraren fiskalitateaz eta atez atekoaren kostuaz hitz egingo du herrian. Lehenago, baina, Lezoko Udaleko ordezkariekin bilduko da Puig. Gaur zortzi Astigarragan hitzaldi berbera emango du.
Plataformako kideek adierazi dutenez, hitzaldi horien helburua da herritarrek, politikariek zein kazetariek atez atekoarekin egon daitezkeen aldaketak «normaltasunez» ikustea, “irizpide teknikoekin eta aurreiritzi politikorik gabe”.
Puigez gain, Maria Assumpta Boba Argentonako zinegotzi ohiak ere azalduko du Kataluniako esperientzia. Donostian izango da, hilaren 24an, Koldo Mitxelena aretoan, 19:30etik aurrera.

