Listorretan arduraz jokatzeko eskatu die udalak bisitariei
Listorretako atseden gunean denboraldi berria hasi dute eta Jose Manuel Ferradas Ingurumen eta Mendietako zinegotziak «arduraz» jokatzeko eskatu die bertara hurbiltzen diren bisitariei, “hondakinen kudeaketa, trafikoa eta aparkalekua zainduz ...
Listorretako atseden gunean denboraldi berria hasi dute eta Jose Manuel Ferradas Ingurumen eta Mendietako zinegotziak «arduraz» jokatzeko eskatu die bertara hurbiltzen diren bisitariei, “hondakinen kudeaketa, trafikoa eta aparkalekua zainduz batez ere, Listorretakoa babestutako eremua delako”. Halaber, zaborra edukiontzietatik kanpo uztea debekatuta dagoela gogorarazi du Ingurumen zinegotziak.
Udari begira eremu horren erabilera publikoa, bisitaren kalitatea eta mantenu zein garbiketa hobetzeko hainbat neurri hartuko dituztela jakinarazi du, bestetik, Ferradasek.
Barrengoloiako zelaian dagoen Aiako Harriko Parke Naturalaren informazio bulegoa kudeatzeko, udalak harrera eta zaintza zerbitzu berria kontratatu duela ere jakinarazi du Ferradasek.
Basozaintza zerbitzuarekin eta Udaltzaingoarekin koordinatuta egingo du lan zerbitzu horrek eta bihar eta etzi zabalik izango da, goizez, 10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara.
Ekainaren 2tik urriaren 14ra bitartean, berriz, astebururo eta jaiegunetan izango da zabalik informazio bulegoa. Bisitariei informazioa emateaz gain, naturaren babesa bermatuko du zerbitzu horrek: “Horrekin batera, suaren erabilera, udal ekipamenduak, hondakinak edo zaratak kontrolatuko ditu”.