Abian da herritarren zahartzaro aktiboa bultzatzeko Esperientzia Eskola
50 urtez gorako oiartzuarrentzat da eskola, eta tailer nahiz eskolen bidez formazioa emango diete Herritarren zahartzaro aktiboa sustatzeko eta dependentziaren prebentziorako Esperientzia Eskola ekimena abian jarriko dute Oiartzunen. 50 urtetik gorako edozein oiartzuarrentzat dago bideratuta egitasmoa, edonori zabalik dago beraz, eta heldu horiei formazioa emango diete tailer eta eskolen bitartez. Mugabe elkartea da Esperientzia Eskolaren arduraduna, eta Oiartzungo Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxaren laguntza du. «Helduek oraindik asko dute ikasteko, pentsatzeko eta emateko», esan dute Oiartzungo Udaletik. Proba gisa, bi hilabeteko tailerra jarriko dute abian herrian. Esperientzia ondo ateratzen bada, Esperientzia Eskola datorren ikasturte osoan abian izango dela esan dute antolatzaileek. Hala, Oiartzungo Udalak jakinarazi du hilaren 17an (datorren asteko asteartean) hasiko dituztela eskolak, ekainaren bukaerara arte. «Dagoeneko hamabost laguneko taldea osatu da, baina izena emateko aukera zabalik dago oraindik», esan dute udaletik. Hala, izena hilaren 30era arte eman daiteke, 943 22 46 43 edo 646 09 87 53 telefono zenbakietara deituta. Hamar euroko kuota ordaindu behar dute interesdunek tailerretan parte hartzeko. Tailerrak Haurtzaro Ikastolan emango dituzte, astean behin eta bi orduz. Saioak astearte edo asteazken goizetan izango dira, baina egun eta ordu zehatzak parte hartzaileek erabakiko dituzte euren kabuz. Hilaren 17an hasiko diren tailerren lehenengo bi [...]
50 urtez gorako oiartzuarrentzat da eskola, eta tailer nahiz eskolen bidez formazioa emango diete
Herritarren zahartzaro aktiboa sustatzeko eta dependentziaren prebentziorako Esperientzia Eskola ekimena abian jarriko dute Oiartzunen. 50 urtetik gorako edozein oiartzuarrentzat dago bideratuta egitasmoa, edonori zabalik dago beraz, eta heldu horiei formazioa emango diete tailer eta eskolen bitartez. Mugabe elkartea da Esperientzia Eskolaren arduraduna, eta Oiartzungo Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxaren laguntza du. «Helduek oraindik asko dute ikasteko, pentsatzeko eta emateko», esan dute Oiartzungo Udaletik.
Proba gisa, bi hilabeteko tailerra jarriko dute abian herrian. Esperientzia ondo ateratzen bada, Esperientzia Eskola datorren ikasturte osoan abian izango dela esan dute antolatzaileek.
Hala, Oiartzungo Udalak jakinarazi du hilaren 17an (datorren asteko asteartean) hasiko dituztela eskolak, ekainaren bukaerara arte. «Dagoeneko hamabost laguneko taldea osatu da, baina izena emateko aukera zabalik dago oraindik», esan dute udaletik.
Hala, izena hilaren 30era arte eman daiteke, 943 22 46 43 edo 646 09 87 53 telefono zenbakietara deituta. Hamar euroko kuota ordaindu behar dute interesdunek tailerretan parte hartzeko.
Tailerrak Haurtzaro Ikastolan emango dituzte, astean behin eta bi orduz. Saioak astearte edo asteazken goizetan izango dira, baina egun eta ordu zehatzak parte hartzaileek erabakiko dituzte euren kabuz.
Hilaren 17an hasiko diren tailerren lehenengo bi saioetan harremanen gaia landuko dute izena ematen dutenek. Baina aurrerago egingo dituzten eskolen gaiak ikasleek beraiek aukeratuko dituzte, eta horien araberako adituek emango dizkiete eskolak adindu oiartzuarrei.
Izena ematen duenak ez du zertan tailer osoan parte hartu behar. Saio batera joan daiteke, «probatzeko eta Esperientzia Eskola ezagutzeko», esan dute Oiartzungo Udaletik.
Gainera, dei berezia egin diete eskolen antolatzaileek Etxean Ondo egitasmo pilotuan parte hartzen ari diren zaintzaileei, eskola proba dezaten: «Gehienetan, zaintzaileei zuzendutako ikastaroak zainketara bideratzen dira, eta guk eurentzako denbora hartzen ikastea nahi dugu».
12 urteko bidea
Esperientzia Eskolak duela 12 urte jarri ziren abian Gipuzkoan. Ordutik, herri askok bat egin dute ekimenarekin. Besteak beste, herrialdeko honako herrietan dago abian Esperientzia Eskola egitasmoa: Donostia, Lasarte-Oria, Eibar, Ordizia, Usurbil eta Orio.

