Oarsoaldeko Kirol Mahaiak jakinarazi du Pasaiako, Lezoko, Errenteria-Oreretako eta Oiartzungo kirol patronatuetako eta kirol guneetako abonatuek herri horietako edozein igerileku erabiltzeko egitasmoa maiatzaren 31ra arte luzatuko duela. Errenteria-Oreretan (Fanderia eta Galtzaraborda), Oiartzunen (Elorsoro) eta Lezon (Altzate) daude Oarsoaldeko igerilekuak.
Egitasmoa martxoan bakarrik egitea erabaki zuen Kirol Mahaiak hasiera batean. Baina erabiltzaileen ohituren eta beharren gaineko “azterketa zehatzagoa” egiteko, ekimena bi hilabetez luzatzea erabaki dute. Arduradunek ohartarazi dute igerilekuetan bakarrik izango dutela doan sarbidea eskualdeko kirol azpiegituren abonatuek (ikastaroetarako ez du balio eskaintzak). Instalazio horietara sartzeko abonatu txartela erakutsi behar da derrigor.