“Hondakin turismoaz” ohartarazi du Errenteriako PSEk
Pasaian eta Lezon hondakinak biltzeko atez ateko sistema jartzeko emandako urratsen aurrean, Errenteriak “hondakin turismoa are gehiago” pairatzeko duen arriskuaz ohartarazi du Errenteriako PSE-EEk. Talde sozialistaren arabera, Oiartzunen h...
Pasaian eta Lezon hondakinak biltzeko atez ateko sistema jartzeko emandako urratsen aurrean, Errenteriak “hondakin turismoa are gehiago” pairatzeko duen arriskuaz ohartarazi du Errenteriako PSE-EEk.
Talde sozialistaren arabera, Oiartzunen hondakinak biltzeko atez ateko sistema jarri zutenetik “frogatuta dago” Lartzabal auzoko edukiontziak “beteta” daudela beti, eta Fanderia zein Gabierrotakoetan nabarmen igo dela hondakinen kopurua. “Ez da, zehazki, herritarrek sortutako zaborra”, gaineratu du.
Adierazpen horien aurrean, Errenteriako Ezker Anitza-IUk beldurra sortzen aritzea leporatu dio PSE-EEri, “are gehiago ustezko arrisku horiek bermatzeko arrazoi objektiborik ez dagoenean”.
Ezker Anitzaren iritziz, PSE-EEk hilabeteak daramatza “mamuak astintzen”, eta hondakinekin, bilketa sistemekin eta birziklatze helburuekin lotutako guztia “asmo politiko argiaz” erabiltzen du: “Elementu horiek eztabaida baterako balio beharko lukete herritarrek sentsazionalismo eta oportunismo politikotik urrundutako iritzi bat osatzeko”.
Hala, PSE-EEri eta errauste planta defendatzen duten beste alderdiei hondakinen eta birziklatzeari buruzko eztabaida publiko batean parte har dezatela eskatu die Ezker Anitzak.
Hitzaldia
Hain zuzen, hiri hondakinen kudeaketari buruzko hitzaldia prestatu du talde sozialistak gaurko. Bertan, Denis Itxaso PSE-EEko Ingurumen idazkariak parte hartuko du, eta 18:30etatik aurrera izango da Herriko Etxean (Morrongilleta 12).