Errenteriako PP: “Niessengo supermerkatua berriz ere zabaltzea da lehentasuna”
Niessen merkataritza gunean itxita dagoen supermerkatua berriz ere zabaltzea "lehentasuna" dela esan du PPk
Niessen merkataritza gunean itxita dagoen supermerkatua berriz ere zabaltzea “lehentasuna” dela, eta bide horretan Murias 4 enpresak egoki ikusten duen edozein kontratu babestuko dutela azaldu dute Jose Manuel Herzog eta Maria Angeles Bastos PPko zinegotziek. Murias Center 4k eta Eroskik akordioa sinatu zutela jakinarazi zuen udalak urtarrila amaieran, eta gaiaren gaineko inolako informaziorik ez zutela jaso ere salatu zuten orduan Bildu, EAJ, PP eta Errenteriako Ezkerrak. Horren aurrean, 2009ko martxoko udalbatzarrean sinatutakoa berretsi zuten orduan: Muriasen eta Eroskiren arteko akordioaren barruan Sabecoko lantalde osoa subrogatzea, eta kontratu berriak Gipuzkoako Industria eta Elikadurako Merkataritzaren hitzarmena betetzea.
Sinadura bilketa
Horren harira, langileen eskubideen alde egingo duela beti jakinarazi du PPk. Baina supermerkatua berriz ere zabaldu nahi duen enpresak, nahi duen langileekin egin dezan “oztoporik” ez duela jarriko nabarmendu dute herriko PPko zinegotziek. Bestalde, Niessen merkataritza guneko merkatariek supermerkatua berriz ere zabaltzeko eskatzeko egindako sinadura bilketa, udaleko alderdi politiko guztiei helarazi dietela jakinarazi du Herzogek: “Merkatariek ilusioz hartu zuten supermerkatua berriro zabaltzeko aukera, eta ilusio hori neurri batean zapuztuta ikusi zuten, udal ordezkariek Sabecoko langileen eskubideak babestuko zituztela azaldu zutenean”.
Sabeco supermerkatuko langileek borrokaldi luzea egin zuten, 2008ko abuztutik 2010eko otsailera arte. 2010. urteko abuztuan itxi zuten behin betiko Simply supermerkatua. Itxierarekin bertako merkatarien negozio bolumena eta diru sarrerak jaitsi direla, eta merkataritza zentroa bera “ahuldu” dela nabarmendu du Bastosek, “merkataritza gunera joatea baino ez dago zein jende gutxi dabilen ikusteko. Merkatariei horrek eragin die”.
Mozioa hurrengo plenoan
Herzog eta Bastosek beste alderdietako ordezkariekin kontaktuak hasi dituztela zehaztu dute, “egoerari irtenbidea emateko”. Horretarako hilabete honetan bertan gaiaren gaineko mozioa aurkeztu nahi dutela jakinarazi dute: “Beste alderdiren batek adostasuna erakutsi du, eta ziurrenik aurrera egingo dugu mozioarekin”.

