Aho batez eskatu du plenoak Marquez familiaren kaleratzea gelditzeko
Aho batez eskatu du plenoak Marquez familiaren kaleratzea gelditzeko
Aho batez onartu zuen Udalbatzak herenegun Marquez familiaren kaleratzea gelditzea eskatzeko Errenteriako Ezkerraren mozioa. Horren arabera, Kutxabankeko eta Errenteriako Udaleko ordezkariekin, zein kaleratzeek kaltetutako herritarrekin osatutako lan batzordea osatzeko eskatuko diote Kutxabankeko zuzendaritzari. Batzordearen helburua, alde guztientzako irtenbide egokia aurkitzea izango da. Halaber, akordiora heldu arte, kaleratzea bertan behera uztea eskatuko dio Udalbatzak Kutxabanki. Finantza erakundeak lan mahaiaren sorrera onartuz gero, Julen Mendoza alkateak ordezkatuko du udala, eta zehaztu duenez, “ahalik eta lanik handiena” egingo du kaleratzea gerta ez dadin. Bestalde, elkartasuna adierazi zioten Marquez familiari ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek udalbatzarrean. Mozioa aurkeztu zuen Errenteriako Ezkerra taldeko zinegotzi Jose Manuel Ferradasek, kaleratzeak “arazo soziala” direla eta egunetik egunera horiek herritarrei “hurbilagotik bizitzea tokatuko” zaiela nabarmendu zuen. Bilduko zinegotzi Luisma Diezek, berriz, hedabideetan azaldutako hainbat daturen gaineko gogoeta egin zuen bere interbentzioan: “Ehunka familia zigortu eta muturreko egoeretara eramaten ari diren bitartean, Kutxabank finantza erakunde barruko Kutxako presidente Xabier Iturbek 383.000 euro kobratzen ditu; edo erakunde horretako ordezkariek saioko 420 euro jasotzen dituzte, eta 50 bat saio izaten dira guztira”. Kutxabank osatzen duten hiru kutxen artean 245 milioi euroko irabaziak izan dituztela ere nabarmendu zuen Diezek.
Mobilizazioak deitu dituzte
Berriozarren familia baten kaleratzea gelditzea lortu dutela gaineratu zuen Diezek: “Herritarren elkartasunari esker, Santander banketxeak kaleratzea bertan behera uztea lortu dute”. Mozioa aho batez onartuta, kaleratzeen aurkako plataformako kide batek hartu zuen hitza. Marquez familiaren kasuaz gain, Errenterian beste bat ere badela nabarmendu zuen, “eta tamalez, halakoak ugaritzen joango dira”. Halaber, Marquez sendiaren kaleratzearen inguruan datozen egunetan mobilizazioak egingo dituztela iragarri zuen kaleratzeen aurkako taldeko kideak, eta zehaztu ez bazituen ere, herritarrei adi egoteko eskatu, eta horietan parte hartzeko deia luzatu zien.
Kaleratzea atzeratu
Joan den hilabete hasieran gutuna jaso zuen Marquez familiak. Bertan, etxea uzteko hilabeteko epea zutela jakinarazi zieten, beraz, hil honen hasieran kaleratu behar zituzten. Prozeduran izandako akatsengatik, ordea, kaleratze agindua bertan behera gelditu dela jakin zuen Mari Carmen Marquezek astelehenean: “Doako arreta juridikoa eskatu genuen prozesua hasi zenean, eta horren gaineko erantzunik jaso gabe, kaleratze prozesuak aurrera jarraitu du. Orain jakinarazi berri digutenez, doako asistentzia hori dagokigun edo ez erabaki arte, bertan behera gelditu da kaleratze agindua”. Argi du prozesuak aurrera egingo duela erantzuna jaso bezain pronto, “kaleratzearen atzerapena baino ez da”, gaineratu du. Plenoak onartutako mozioarekin pozik azaldu da Marquez, “horrek ez du ziurtatzen, ordea, kaleratzea gelditzea lortuko dugunik”. Marquezek egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak, eta orain artekoetan bildu direnei esker ona azaldu die.


