Biztanleria erroldan sartzeko dei egin dute herriko etxeak eta INSEEk
Frantziako Estatistika eta Ikerketa Ekonomikoen Institutu Nazionalak (INSEE), Hendaiako Herriko Etxearekin elkarlanean, errolda osatuko du otsailaren 25era arte. Biztanleriaren herena Bidasoa ibaiaren beste aldetik datorrela nabarmendu zuten herriko et...
Frantziako Estatistika eta Ikerketa Ekonomikoen Institutu Nazionalak (INSEE), Hendaiako Herriko Etxearekin elkarlanean, errolda osatuko du otsailaren 25era arte. Biztanleriaren herena Bidasoa ibaiaren beste aldetik datorrela nabarmendu zuten herriko etxetik, eta beraz, erroldaren lagina osatu ahal izateko inkesta erantzuteko eskaria luzatu zuten iragan astean egindako agerraldian.
Hala, tokiko gobernuak oso garrantzitsutzat jo zuen biztanle kopurua ezagutzea, azpiegitura egokiak eskaini ahal izateko, zein biztanle kopuruaren araberako diru laguntzak jasotzeko. Gaur egun, 14.827 pertsona daude Hendaiako erroldan, eta 15.000 biztanlera iritsiz gero, diru laguntza handiagoak jasoko lituzke herriak.
Izan ere, aurreikuspenen arabera, “2.000 pertsona gehiago” izan daitezke bertan bizi direnak. Hala, datozen asteetan zehar, INSEEko langileak 1.000 bizilagunekin elkartuko dira, hitzordua finkatu eta horiek elkarrizketatuko dituzte lagin bat osatzeko.
Zergekin zerikusirik gabe
Herriko etxetik argi utzi zuten, erroldak ez duela zergekin harremanik. Galdetegian emandako erantzunak “isilpekoak” direla, eta “bildutako informazioen ondorioz kontrol administratibo edo fiskal bat izatea ezinezkoa” dela. Halaber, lanbide eta lantokien gaineko galderak egitea ezinbestekoa dela ziurtatu zuten, biztanleek egunero garraiatzeko behar duten denbora, lan jarduera edota sektore ekonomikoa zeintzuk diren jakin ahal izateko.

