2012ko kontuak aurkeztu dituzte
Gobernu taldeak aurrekontu proposamenaren lehen azalpen publikoa egin du San Pedron Herenegun arratsean egin zuten 2012ko udal aurrekontuen proposamenaren lehen aurkezpen publikoa San Pedroko Udal Aretoan. Amaia Agirregabiria alkateak, Amaia Esnarriaga Trintxerpeko alkateordeak, Izaskun Biurrun Antxokoak eta Jose Luis Sanz San Pedrokoak argitu zituzten kontuen lerro nagusiak, dozena bat herritarren aurrean. Krisiaren aurrean «aberastasuna banatzeko kontuak» direla adierazi zuten, eta udalean ordezkaritza duten alderdi guztiekin eztabaidatzeko prest agertu ziren. Foru Funtsaren murrizketak zeharo baldintzatu du Pasaiako gobernu taldeak prestaturiko aurrekontu proposamena. Diru sarrera hori «aurrekontuaren ia erdia» dela nabarmendu zuen Amaia Agirregabiria alkateak; «arduratsu eta doikuntzaz jokatzea tokatuko zaigu hurrengo urteetan», argitu zuen. Bere ustez «aurrekontua ez da helburu bat, proiektuak aurrera eramateko tresna bat baizik». Arlo gehienetan jaitsiera Egoera ekonomikoak hala behartuta, arlo gehienetan murrizketak jasotzen ditu 2012rako kontuen proposamenak. Agirregabiriak aurreratu zuen Gizarte Ekintza, Gazteria eta Kirola sailak izan direla murrizketatik salbatu diren gutxietakoak, adinduentzako laguntzekin batera: «Aurrekontuak aberastasuna banatzeko balio behar du, sistemak gaizkien tratatzen dituenak babesteko, hala nola, hirugarren adinekoak, haurrak, gazteak eta talde baztertuak». Herritarren Parte Hartzea, Euskara eta Berdintasuna, Migrazioa eta Aniztasuna arloak ere duela bi urte onartutako kontuetan zituzten antzerako kopuruekin mantenduko dituzte. Ur hornidurari dagokionez, berriz, aldaketa nabaria aurreikusi dute: «Antxoko biltegia [...]
Herenegun arratsean egin zuten 2012ko udal aurrekontuen proposamenaren lehen aurkezpen publikoa San Pedroko Udal Aretoan. Amaia Agirregabiria alkateak, Amaia Esnarriaga Trintxerpeko alkateordeak, Izaskun Biurrun Antxokoak eta Jose Luis Sanz San Pedrokoak argitu zituzten kontuen lerro nagusiak, dozena bat herritarren aurrean. Krisiaren aurrean «aberastasuna banatzeko kontuak» direla adierazi zuten, eta udalean ordezkaritza duten alderdi guztiekin eztabaidatzeko prest agertu ziren.
Foru Funtsaren murrizketak zeharo baldintzatu du Pasaiako gobernu taldeak prestaturiko aurrekontu proposamena. Diru sarrera hori «aurrekontuaren ia erdia» dela nabarmendu zuen Amaia Agirregabiria alkateak; «arduratsu eta doikuntzaz jokatzea tokatuko zaigu hurrengo urteetan», argitu zuen. Bere ustez «aurrekontua ez da helburu bat, proiektuak aurrera eramateko tresna bat baizik».
Arlo gehienetan jaitsiera
Egoera ekonomikoak hala behartuta, arlo gehienetan murrizketak jasotzen ditu 2012rako kontuen proposamenak. Agirregabiriak aurreratu zuen Gizarte Ekintza, Gazteria eta Kirola sailak izan direla murrizketatik salbatu diren gutxietakoak, adinduentzako laguntzekin batera: «Aurrekontuak aberastasuna banatzeko balio behar du, sistemak gaizkien tratatzen dituenak babesteko, hala nola, hirugarren adinekoak, haurrak, gazteak eta talde baztertuak».
Herritarren Parte Hartzea, Euskara eta Berdintasuna, Migrazioa eta Aniztasuna arloak ere duela bi urte onartutako kontuetan zituzten antzerako kopuruekin mantenduko dituzte. Ur hornidurari dagokionez, berriz, aldaketa nabaria aurreikusi dute: «Antxoko biltegia abian jarrita, martxotik aurrera 50.000 euro aurreztea espero dugu».
Pertsonalarena da udalaren gasturik handiena, eta 2012an haziko da. Madrilen erabaki eta Gasteizek berretsitako dekretuak behartuta, udal langileen soldatak izoztu dituzte bigarren urtez jarraian, baina udalak bi teknikari kontratatu ditu (giza baliabideetakoa eta hirigintzakoa), eta horrek handituko du pertsonal gastua.
Dirua aurreratzeko zenbait neurri proposatu ditu gobernu taldeak, aurrekontuan isla dutenak. Besteak beste, baja-ordezkapenak erdira murriztu; aseguru, telefono eta posta zerbitzuak aldundiaren kontratazio zentralaren bidez enkantera atera, eta konponketetan eta bulegoko materialean gutxiago gastatu nahi dute.
Mailegua, berdintzeko
Asteartean gobernu taldeak udal batzordean eta herenegun San Pedron aurkeztutako aurrekontu proposamenak 185.000 euroko kreditu bat eskatzea espero du, sarrerak eta irteerak berdintzeko. «Udalaren zorpetze ratioa %4tik beherakoa da, aurten hainbat mailegu kitatuko ditugu eta interes tipoak beherantz doaz nabarmen. Mailegu hori gure gain hartzeko modukoa dela deritzogu», azaldu zuen alkateak.
San Pedroko alkateordeak iaz 2010eko aurrekontua luzatu behar izan zutela gogoratu, eta aurten akordioetara iristen saiatuko direla baieztatu zuen. Agirregabiriak ere beharrezkoa ikusten du aurrekontu berri bat: «Talde guztien esanetara gaude, informazioa eman eta proposamenak trukatzeko, aurrekontuak onartzeko akordio sendoa adostearren».


