Fiskaltzak ikerketa ireki du, umetokiko lepoko gaitzaren aurkako txertoaren kasuan

Ixone Suarezen alabari urriaren 26an jarri zioten eta ordutik bere osasun egoerak ez du onera egin Fiskaltzak dio Ixone Suarezen alabaren kasua ikertu behar dela, eta instrukziozko epaileari baimena eman dio aurretiazko eginbideak hasteko. Suarezen 12 urteko alabari urriaren 26an jarri zioten umetokiko lepoko minbiziaren aurkako txertoa. Ordutik zorabioak, buruko mina, arnasa hartzeko arazoak, bularreko herstura eta sukar altua izan ditu. Hainbat aldiz izan da Donostiako Ospitalean, eta hainbat pediatrek artatu dute. «Denek, ordea, kasualitatea dela esaten didate, batak ez duela bestearekin zerikusirik», kexu da Ixone Suarez. Aste honetan jaso du deklaratzera joateko zitazioa: «Ez nekien zer zen, eta ez nuen espero, ez behintzat hain azkar. Hala ere, pozgarria da Fiskaltzak ere ikertzeko zerbait badagoela ikustea». Hilaren 24ean, astelehena, joan behar du deklaratzera Donostiako Laugarren Instrukzio Epaitegira. Alabari gertatutakoa kontatuko du epaitegian, kaltetu gisa. Osakidetzak ere deklaratu beharko du, eta dagozkion txostenak aurkeztu. Bi aldeen deklarazioak jaso ondoren, auzibidea ireki edo ez erabaki beharko du instrukzioko epaileak. Oraindik, ikerketa hasi besterik ez dute egin. Ixone Suarezek, alabarena gertatu bezain laster, gaia ikertzeari ekin zion Interneten. Eta Gaixoen Defentsarako Espainiako Elkartera jo zuen, babes eske. Alabak txertoa hartu eta gero, haren osasunak okerrera egin zuela jakinarazi zion, eta ez duela osasun [...]

Ixone Suarezen alabari urriaren 26an jarri zioten eta ordutik bere osasun egoerak ez du onera egin

Fiskaltzak dio Ixone Suarezen alabaren kasua ikertu behar dela, eta instrukziozko epaileari baimena eman dio aurretiazko eginbideak hasteko. Suarezen 12 urteko alabari urriaren 26an jarri zioten umetokiko lepoko minbiziaren aurkako txertoa. Ordutik zorabioak, buruko mina, arnasa hartzeko arazoak, bularreko herstura eta sukar altua izan ditu.

Hainbat aldiz izan da Donostiako Ospitalean, eta hainbat pediatrek artatu dute. «Denek, ordea, kasualitatea dela esaten didate, batak ez duela bestearekin zerikusirik», kexu da Ixone Suarez.

Hainbat medikuk artatu dute Suarezen alaba. Kasualitatetzat dute (Argazkilaria: Asier Perez-Karkamo)

Hainbat medikuk artatu dute Suarezen alaba. Kasualitatetzat dute (Argazkilaria: Asier Perez-Karkamo)

Aste honetan jaso du deklaratzera joateko zitazioa: «Ez nekien zer zen, eta ez nuen espero, ez behintzat hain azkar. Hala ere, pozgarria da Fiskaltzak ere ikertzeko zerbait badagoela ikustea». Hilaren 24ean, astelehena, joan behar du deklaratzera Donostiako Laugarren Instrukzio Epaitegira. Alabari gertatutakoa kontatuko du epaitegian, kaltetu gisa. Osakidetzak ere deklaratu beharko du, eta dagozkion txostenak aurkeztu.

Bi aldeen deklarazioak jaso ondoren, auzibidea ireki edo ez erabaki beharko du instrukzioko epaileak. Oraindik, ikerketa hasi besterik ez dute egin.

Ixone Suarezek, alabarena gertatu bezain laster, gaia ikertzeari ekin zion Interneten. Eta Gaixoen Defentsarako Espainiako Elkartera jo zuen, babes eske.

Alabak txertoa hartu eta gero, haren osasunak okerrera egin zuela jakinarazi zion, eta ez duela osasun profesionalen aldetik babesik jaso.

Gainera, urriaren 26ik ez du hobera egin Suarezen alabaren egoerak: «Gabonak ere berdin pasatu ditugu, hobekuntzarik gabe eta medikuz mediku: otorrinoa, oftalmologoa, psikiatra… Denetatik pasatu dugu, baina inork ez digu soluziorik ematen».

Gaixoen Defentsarako Elkartea EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzarekin jarri zen harremanetan, zehazki, Gipuzkoakoarekin, eta kasu hori ikertzeko eskatu dio. Osakidetzara eta Osasunbidera ere bidali ditu kexak.

Elkarteak medikuen hutsegiteen ondorioz kalteak izan dituzten pertsonei laguntzen die, eta denbora asko darama txertoa merkatutik kentzeko eskatzen.

Txertoa, ezbaian
Ixone Suarezek ez ezik Hegoaldeko beste bi familiek ere jo dute Gaixoen Defentsarako Espainiako Elkartera.

2007an txertoa jartzen hasi zirenetik, osasun profesionalen artean eztabaida eragin duen txertoa da umetokiko lepoko minbiziaren aurkakoa. Hainbat medikuk «eraginkorra eta ziurra» dela diote. Europako Batzordeak berak babestu du.

Beste batzuk, berriz, txertoaren aurka azaldu dira. Garestia dela salatzeaz gain, auzitan jarri dute haren eraginkortasuna. Azaldu dute ez dela gauza jakina zenbateko babesa ematen duen. Gainera, gogorarazi dute birusa eragiten duen birusaren kontrako txertoa dela, eta ez gaitzaren aurkakoa.

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.