Presoen aldeko kartelada eta bizikleta martxa
Bihar urriko azken ostirala izaki, Euskal Herriko hainbat txokotan euskal presoen eta iheslarien aldeko karteladak egingo dituzte, tartean Oiartzunen. Egin dezagun bidea, eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira lelopean eta hilabeteroko dinami...
Bihar urriko azken ostirala izaki, Euskal Herriko hainbat txokotan euskal presoen eta iheslarien aldeko karteladak egingo dituzte, tartean Oiartzunen.
Egin dezagun bidea, eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira lelopean eta hilabeteroko dinamikari jarraiki, herriko elkarte eta eragile batek hartuko du lekukoa bihar. Hilabete honetan, presoen eskubideen alde egin eta karteladako deialdia egiteko konpromisoa Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak hartu du.
Ttur-ttur eragile ugarik osatzen dutenez, herriko beste sektore eta norbanakoak aldarrikapen honetara batzera deitu ditu OAAM Oiartzungo Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, eta karteladara agertzeko deia egin die. 20:00etan abiatuko da plazatik.
Bestalde, igande goizerako beste aldarrikapen ekitaldi bat antolatu dute: presoen eta iheslarien aldeko bizikleta martxa egingo dute. Gurutze auzotik abiatuko da 10:00etan, eta herriko hainbat auzotatik eta txokotatik pasatuko da.
OAAMtik nabarmendu dutenez, “denon artean pedalei eraginez herri mugimendu zabala eratu eta aldarrikapen hauek benetako bihur daitezen lan egiten jarri behar dugu herritar orok”.
Horregatik, karteladara bezala, bizikleta martxara ere agertzeko deia egin dute, baita lanean jarraitzeko ere: “Une garrantzitsu honetan zure laguntza beharrezkoa dugu; hala, ekitaldi horietan eta eguneroko bizitzan izaten diren beste mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu herritarrak”.

