Kukubiltxoren ‘Txirrikiz’ antzezlana, etzi
Eskolatik Kalera ekimenaren barruan, Kukubiltxoren Txirrikiz antzezlana ikusteko aukera izango da, etzi, 17:30ean, Errenteria Hiria Kulturgunean. Haurrei, eta oro har, familia guztiari zuzendutako ekimena da. Antzezlan horrek Txirrikiz neskatila etorki...
Eskolatik Kalera ekimenaren barruan, Kukubiltxoren Txirrikiz antzezlana ikusteko aukera izango da, etzi, 17:30ean, Errenteria Hiria Kulturgunean. Haurrei, eta oro har, familia guztiari zuzendutako ekimena da.
Antzezlan horrek Txirrikiz neskatila etorkina izango du protagonista. Mutiko batzuk ikusiko ditu jolasean eta eurengana joango da. Horietako batek, baina, Pelik, barre eta iseka egingo dio, baina Txirrikik begirada gozo batekin, argi miragarri bat emango dio. Pelik, argiaz jabetu arren, bere jarrerari eutsiko dio, eta argiaren botereek Fantasiara eramango dute.
Han, Apo anaiak, euren gorentasuna ezartzeko asmotan, Jentil eta Lamien kontra ari dira borrokan, eta Peli euren agindupean jarriko dute. Peli, ordea, Lamia batez maiteminduko da, eta Jentil eta Mari Urrikaren laguntzaz herrira itzuliko da, eta Txirrikiz bere bihotzaz jabetu den lamia dela konturatuko da.
Kukubiltxo ibilbide luzeko taldea da: duela 28 urte, 1983an, hasi zen lehenengo antzezlanak ematen. Konpainia, besteak beste, euren eszenografia bereziarengatik da ezaguna.
Sarrerak
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, dagoeneko sarrerak salgai daude euro baten truke. Errenteria Hiria Kulturguneko leihatilan eros daitezke, gaur, 11:00etatik 13:00etara, bihar, 18:00etatik 20:00etara, eta etzi, emanaldia hasi baino ordubete lehenago.
Eskolatik Kalera egitasmoa Errenteriako Euskara Departamenduak kudeatzen du, eta hilero-hilero antolatzen dute haurrek eskolatik kanpo euskara erabiltzeko ekimen bat, beti antzerkiarekin lotutakoa.

