Gernikako Akordioak manifestazioa antolatu du gaurko Bilbon, eta hara joateko autobusak prestatu dituzte Oarsoaldean eta Bidasoan. Ordutegiak beheko zerrendan agertzen da informazio guztia xehe-xehe.
Herritarrok ere konponbidea nahi dugu lelopean antolatu dute manifestazioa. Deialdia egin dutenen arabera, euskal herritar gehiengo zabalak konponbidea, bakea eta normalizazio politikoa nahi du. “Bakea eta normalizazio politikoa hain dira garrantzitsuak ezin ditzakegula inoren esku utzi. Herritarrok konponbide prozesu horretan parte hartu nahi dugu”, adierazi dute. Horren harira,
Behe Bidasoko Gernikako Akordioaren sinatzaileek agerraldia egin zuten asteazkenean: akordioaren baliagarritasuna berretsi zuten eta Bilbora joateko deia egin zuten.
Bakeak eta normalizazio politikoak “egiazkoak eta edukiz beteak” izan behar du, eta hala, Gernikako Akordioaren edukia ekarri dute gogora; alegia, konponbideak “integrala, demokratikoa, galtzailerik gabekoa eta elkarrizketatua” izan behar duela.
Ibilbide horretan ere hainbat mugarri markatu dituzte: preso politikoen egoera hobetzea gaixo daudenak askatuz, Parot doktrina bertan behera utziz, Euskal Herriko espetxeetara hurbilduz, eta prozesuan euren parte hartzea erraztuz; Sortu zein arrazoi ideologikoengatik ilegalizatu dituzten elkarteak legeztatzea; epaiketa politiko guztiak geldiarazi eta pertsonen aurkako jazarpen amaitzea; eta biktima guztien errekonozimendua egitea.
Herritarrei, gainera, manifestaziorako deia zabaltzeko eskatu diete, eta horretarako, euren esku jarri dute Gernikako Akordioaren webgunea. Horren bidez, euren herri, hiri edo auzoaren izenaz lagunduta, argazkiak eta bideoak eskegitzea eskatu diete, larunbateko deialdi hori egin duten eragile politiko, sindikal eta sozialek manifestazioa “herritar guztiena” izatea nahi dutelako.
Manifestazioa 17:30ean aterako da, Kasillatik.
Autobusak
Errenteria-Orereta: 15:30ean irtengo da autobusa Panierreko zubitik.
Lezo: Autobusa ohiko tokitik aterako da, 15:30ean.
Pasaia: Diatik aterako da autobusa Antxon, 15:30ean. Donibanen, autobusa 15:15ean aterako da Meipitik.
Oiartzun: 15:30ean aterako da autobusa liburutegi paretik.
Hondarribia: Bi autobus aterako dira, 15:30ean, Miramarretik.
Irun: Autobusa Bixeratik irtengo da, 15:30ean.