Gaur, Brankaren batzarra
“Gure historia itsasoak bustia dela badakigu, eta gure memoriak baditu halako akordu zipriztinak, baina bare-bare ondare hori hondora doakigu. Putzura doaz hitzok ere, euskaldunak itsasoak egin gaitu; gure kultura itsasotik dakargu”. Modu horretara aurkeztu dute Branka Itsas Ondarea elkarteko kideek euren asmoa. Finean, itsas ondarea berreskuratzeko ahalegina egingo dute Brankakoek Bidasoa aldean, eta bide horretan lagun izan nahi dutenentzako hitzordua jarri dute, “nola zahar, hala batez ere gazte”: gaur, 17:00etan, elkartearen lehen batzar nagusia egingo dute, Hendaiako hondartzan dagoen zentro nautikoan. Hondarribitik hasi eta Hendaiaraino, itsasoa eta itsas ondarea maite dutenei deia egin diete Brankakoek biharko batzarrera agertzeko, “Hondarribitik eta Irunera, Biriatutik eta Urruñara, Hendaiara iritsi arte”. Hala, Bidasoa aldeko herriek itsas ondare komuna dutela adierazi dute Branka indartu nahi dutenek: “Nola Hondarribitik hala Hendaiatik, hasi XVI. mendetik eta XVIII. menderaino, belaunaldiak eta belaunaldiak itsasoratu ziren Ternuarako eta Groenlandiarako bidean, auskalo zenbat itsas gizon eta emakume; 300 bat urteko arrantza aroa, 300 kanpaina ur urrunetan”. Hasi dira lanean Brankatik jakinarazi dute biharkoa ez dela elkartearen lehen urratsa izango, aurretik lanean hasiak direla. Hala, ontzi zaharrak berritzen hasi direla jakinarazi dute, «eta artxibo zaharrei hautsak kentzen hasi direnak» ere badaudela aitortu dute. Besteak beste, Maribeltz izena duen batel zaharra eraberritzen dabiltzala [...]
“Gure historia itsasoak bustia dela badakigu, eta gure memoriak baditu halako akordu zipriztinak, baina bare-bare ondare hori hondora doakigu. Putzura doaz hitzok ere, euskaldunak itsasoak egin gaitu; gure kultura itsasotik dakargu”. Modu horretara aurkeztu dute Branka Itsas Ondarea elkarteko kideek euren asmoa. Finean, itsas ondarea berreskuratzeko ahalegina egingo dute Brankakoek Bidasoa aldean, eta bide horretan lagun izan nahi dutenentzako hitzordua jarri dute, “nola zahar, hala batez ere gazte”: gaur, 17:00etan, elkartearen lehen batzar nagusia egingo dute, Hendaiako hondartzan dagoen zentro nautikoan.
Hondarribitik hasi eta Hendaiaraino, itsasoa eta itsas ondarea maite dutenei deia egin diete Brankakoek biharko batzarrera agertzeko, “Hondarribitik eta Irunera, Biriatutik eta Urruñara, Hendaiara iritsi arte”. Hala, Bidasoa aldeko herriek itsas ondare komuna dutela adierazi dute Branka indartu nahi dutenek: “Nola Hondarribitik hala Hendaiatik, hasi XVI. mendetik eta XVIII. menderaino, belaunaldiak eta belaunaldiak itsasoratu ziren Ternuarako eta Groenlandiarako bidean, auskalo zenbat itsas gizon eta emakume; 300 bat urteko arrantza aroa, 300 kanpaina ur urrunetan”.
Hasi dira lanean
Brankatik jakinarazi dute biharkoa ez dela elkartearen lehen urratsa izango, aurretik lanean hasiak direla. Hala, ontzi zaharrak berritzen hasi direla jakinarazi dute, «eta artxibo zaharrei hautsak kentzen hasi direnak» ere badaudela aitortu dute.
Besteak beste, Maribeltz izena duen batel zaharra eraberritzen dabiltzala azaldu dute itsas ondareari lotutako elkartekoak, «azken hilabeteetan esku lanean ari gara. Laster agertuko da bere habitat naturalean batela, Bidasoko badian. Eta beste amets batzuk ere baditugu. Joanen gara gure martxan horiek gorpuzten».
Izan ere, Brankaren asmoen hasierako adibidea besterik ez da Maribeltz batela berreskuratzearena: «Aberatsa bezain ahantzia den iragan hori gureganatu, eta ondare materiala, eta materiala ez dena, oskolarik ez duena, berreskuratu, biziarazi nahi dugu. Brankaren arraunkera iragan minik gabeko atzera begirakoa da, arbasoen itsasoko jakituria ulertu nahi dugu, eta handik zabaldu aurrerako edozein bide berri, bide emankor, begi bat atzera bide bat aurrera delako. Arraunlariari galdetu bestela». Horretarako lehen aukera, beraz, gaur, Hendaian.