Final-laurdenetako saioa jokatuko du Lizarraldek etzi
Gpuntua Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa ari da pixkanaka aurrera egiten, eta asteburu honetan final-laurdenetako bi saio jokatuko dituzte, Oñatin eta Villabonan. Etzi izango da Villabonako saioa, eta bertan Ander Lizarralde oiartzuarrak parte hartuko...
Gpuntua Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa ari da pixkanaka aurrera egiten, eta asteburu honetan final-laurdenetako bi saio jokatuko dituzte, Oñatin eta Villabonan. Etzi izango da Villabonako saioa, eta bertan Ander Lizarralde oiartzuarrak parte hartuko du.
Andoni Otamendi, Beñat Gaztelumendi, Iñigo Mantzisidor, Unai Agirre eta Unai Gaztelumendi izango ditu alboan, nor baino nor. Olaederra kiroldegian izango da saioa, 17:30ean. Oraindik eros daitezke txartelak www.gpuntua.com/sarrerak webgunean. Txartel arruntak hamar euro balio du, gazteenak bost, eta Bertsozale Elkarteko bazkideek zazpi euro ordaindu behar dute.
Oarsoaldeko beste lau bertsolarik jarraitzen dute lehian: Alaia Martin, Jon Martin eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa oiartzuarrek, eta Haritz Casabal antxotarrak. Alaia Martin eta Casabal Hondarribiko saioan izango dira datorren larunbatean, Jostaldin. Jon Martinek Idiazabalgo final-laurdenean parte hartuko du datorren igandean, eta Xamoak Azpeitikoan azaroaren 6an. Saio guztiak 17:30ean izango dira.
Oiartzuarrak, bideoan
Puntu motzean izeneko erreportajeak egiten ari dira, Gpuntuko antolatzaileak bertsolariekin. Nola bizi dute txapelketa? Nola prestatzen dira? Noiz? Non? Eta norekin? Galdera horiei guztiei erantzuten saiatzen ari dira.
Azkeneko lanean, Ander Lizarralde, Jon Martin eta Xamoa elkartu dituzte. Horrez gain, lehiaketako saioetako bideoak ere eskaintzen ari dira. Horra:
- Ander Lizarralde eta Manu Goiogana, Andoaingo final-zortzirenean.
- Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Azkoitiko final-zortzirenean.
- Alaia Martin eta Haritz Casabal, Irungo final-zortzirenean.