Dortmungo zonalde logistikoa bisitatu dute Bidasoko eragileek
Alemaniako Dortmund hiria bisitatu dute Bidasoko hainbat eragile eta enpresetako ordezkariek. Logistikaren eta garraioaren sektorearekin harremana duten guneak ezagutu dituzte Bidasoko ordezkariek, Dortmunden kluster logistikoa sortu zutelako duela urt...
Alemaniako Dortmund hiria bisitatu dute Bidasoko hainbat eragile eta enpresetako ordezkariek. Logistikaren eta garraioaren sektorearekin harremana duten guneak ezagutu dituzte Bidasoko ordezkariek, Dortmunden kluster logistikoa sortu zutelako duela urte batzuk. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu zuen bidaia.
Irungo Udaleko eta Bidasoa Bizirik-eko kideez gain, Transnatur Norte, Argitrans, HTG, Bidutruck enpresetako nahiz Mondragon Unibertsitateko ordezkariak izan ziren Alemanian.
Garraioaren eta logistikaren sektoreko erreferente bihurtu da Dortmund azken urteetan. Ez bakarrik Alemanian, Europan ere. Eva Fernandez udaleko Estrategia Bulegoko zuzendariaren arabera, “lan egiteko beste moduak ezagutu ditugu. Sektorea modu eraginkorragoan antolatzeko ideiekin etorri gara”.
Bidasoa indartzeko
Garraioaren eta logistikaren alorrak garrantzia izan du betidanik Bidasoan. Are gehiago muga ezabatu zenean, enpresa askoren jarduna logistikaren eremura eraldatu zelako. Hala, egun, pisu handia du alor horrek eskualdean, eta horri lotutako lanpostu asko daude.
“Dortmunden ikusi dugu azken urteetan egin duten egiturazko eraldaketak onurak ekarri dizkiola hiriari eta inguruneari. Sektorean erreferentzia dira orain. Europaren hazkunde ekonomikoaren gainetik doaz”, zehaztu du Eva Fernandezek.
Hala, Alemaniako esperientzia kontuan hartuta, eta Bidasoko baliabideak zeintzuk diren jakinda, Europa mailan eskualdearen lehiakortasuna indartu nahi dute.

