Iraganetik ikasi, “orain aplikatzeko”
Behin eta berriro nabarmendu ohi da iraganetik ikasteko beharraren garrantzia, ikasitakoa gaur egun aplikatzeko eta etorkizunean huts berak ez egiteko. Atzera begiratu dute, beraz, Agifugi Gipuzkoako Etorkizunerako Ijito Elkarteko kideek, eta ohartu dira gizarteak egiten dituen okerretako bat ijitoak kanpotartzat hartzea dela, nahiz eta bostehun urte baino gehiago daramatzaten Iberiako Penintsulan. Horixe gogorarazi nahi dute, eta horretarako kaleratu dute Miguel eta Nekane, ijito herria historian izeneko komikia: iraganetik ikasitakoa orainaldian aplikatzeko. Atzo aurkeztu zituzten komikia eta unitate didaktikoa Donostian, Koldo Mitxelenan. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin kaleratu dute, eta unitate didaktiko batekin osatu. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat da, hor antzeman duten hutsunea betetzeko, eta ikastetxeetako historia liburuen osagarri izatea nahi dute. David Martin arduratu da komikiaren eta unitate didaktikoaren eduki historikoaz, eta ikastetxeetan horiek lantzearen garrantzia nabarmendu du: “Historia partziala da, gutxi batzuek idatzi dutelako. Ijitoek, berriz, ez dute euren historia idazteko ohiturarik izan, baina informazio asko dago. Guk historia liburuak kontsultatu ditugu, eta ijitoengana jo dugu hainbat gertaera osatzeko. Bigarren Mundu Gerran juduak garbitu zituzten bezala garbitu zituzten; Espainiako 36ko gerran izan ziren… Zoritxarrez, ijitoek bizitako horiek ez daude inon islatuta, eta badirudi gure artera iritsi berriak direla. Hori horrela ez dela azalarazi nahi dugu”. Fikzioa eta [...]
Behin eta berriro nabarmendu ohi da iraganetik ikasteko beharraren garrantzia, ikasitakoa gaur egun aplikatzeko eta etorkizunean huts berak ez egiteko. Atzera begiratu dute, beraz, Agifugi Gipuzkoako Etorkizunerako Ijito Elkarteko kideek, eta ohartu dira gizarteak egiten dituen okerretako bat ijitoak kanpotartzat hartzea dela, nahiz eta bostehun urte baino gehiago daramatzaten Iberiako Penintsulan. Horixe gogorarazi nahi dute, eta horretarako kaleratu dute Miguel eta Nekane, ijito herria historian izeneko komikia: iraganetik ikasitakoa orainaldian aplikatzeko.
Atzo aurkeztu zituzten komikia eta unitate didaktikoa Donostian, Koldo Mitxelenan. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin kaleratu dute, eta unitate didaktiko batekin osatu. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat da, hor antzeman duten hutsunea betetzeko, eta ikastetxeetako historia liburuen osagarri izatea nahi dute.
David Martin arduratu da komikiaren eta unitate didaktikoaren eduki historikoaz, eta ikastetxeetan horiek lantzearen garrantzia nabarmendu du: “Historia partziala da, gutxi batzuek idatzi dutelako. Ijitoek, berriz, ez dute euren historia idazteko ohiturarik izan, baina informazio asko dago. Guk historia liburuak kontsultatu ditugu, eta ijitoengana jo dugu hainbat gertaera osatzeko. Bigarren Mundu Gerran juduak garbitu zituzten bezala garbitu zituzten; Espainiako 36ko gerran izan ziren… Zoritxarrez, ijitoek bizitako horiek ez daude inon islatuta, eta badirudi gure artera iritsi berriak direla. Hori horrela ez dela azalarazi nahi dugu”.
Fikzioa eta historia
PokerFace Komikiaren Elkarte Kulturalarekin elkarlanean kaleratu dute lana, eta fikzioa eta historia batzen ditu. Istorioa eta protagonistak fikziozkoak dira, asmatutakoak; ez, ordea, kontatzen diren gertakizunak.
Komikiak bi protagonista ditu. Miguel ijitoa da, eta Nekane ez. Zuhaitz magiko bati esker, denboran bidaiatuko dute, ijito herriaren historia ezagutzeko. Hala, Nekanek eta Miguelek gauza pila bat ikasiko dituzte, “zer-nolako munduan bizi garen” argitzen dutenak.
Ijito herriaren historiaren zenbait pasarte modu gertuko eta entretenigarrian azaltzea da komikiaren asmoa. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzi dute, eta Gipuzkoako hainbat lekuri erreparatu diete. Helburu nagusia, berriz, topikoak eta estereotipoak haustea da.
Unitate didaktikoan, ariketak proposatzen dituzte. Eta informazioa bilatzen jarraitzea sustatu nahi dute. Alegia, ikasleei jakin-mina pizten ahalegindu dira, haiek ere beren kabuz ikasten jarraitzeko.
Pertsonaiatik pertsonara
Rafa Gimenez Agifugiko kidearen iritziz, lan asko dago egiteko oraindik, baina egindako «urrats txiki» hori garrantzitsua da ijitoen irudia aldatzen laguntzeko. Gimenezek nabarmendu duenez, telebistak bereziki kalte handia egiten die ijitoei: “Telebistak ez digu inolako onurarik ekarri ijitooi. Beti gara pertsonaiak, eta ahaztu egiten dute pertsonak ere bagarela. Gizartetik at irudikatzen gaituzte; indarkeriarekin lotzen gaituzte, delinkuentziarekin; estereotipatuta eta gutxietsita ageri gara… Baina hemen gaude, eta lanean ari gara hori horrela ez dela behar adina aldiz errepikatzeko”.
Ijitoek gizartean parte hartzen dute, eta aberastasuna sortzen dute, gainontzeko erlijio, sexu, etnia edo direnak direlakoetako kideek bezala, Gimenezek gogorarazi duenez: “Hori ikusarazi behar dugu; ezaxola bazterturik, gu baloratzen hasi behar dute gure gizarteko gainontzeko kideek; baloratu behar gaituzte, herri gisa, kultura gisa; hizkuntza propioa ere badugu… Gauza positibo asko ditugu”.
Hori azalaraztea, ordea, ez da ijitoen lana bakarrik. Horregatik, ikastetxeetan komikia eta unitate didaktikoa banatuko dituzte, baina baita liburutegietan eta instituzioetan ere. Interesa duenak elkartean eskuratu ahal izango du komikia, eta unitate didaktikoa webgunean. Horrez gain, Agifugik ijitoen historia eta kultura zabaltzeko programa dauka martxan, eta edonork lagun dezake. Gimenezek eta Martinek ondo azaldu dute: “Utz ditzagun etnizismoak alde batera. Guztiok gara gizartearen parte, bakoitza bere balioetatik abiatuta. Ikas dezagun iraganetik, orain aplikatzeko”.
Unitate didaktikoa hemen topa daiteke: www.futurogitano.com


