Magnetoterapia aparatuen iruzurraz ohartarazi dute

Adineko pertsonak edota ezinduak. Horiek izaten dira, Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak ohartarazi duenez, antzeman duten azken iruzurraren biktimak. Magnetoterapia egiteko aparatuak saltzen dabiltza etxez etxe, hainbat gaitz sendatzeko onuragarriak direlakoan, lesioak, gaixotasun kronikoak edota errendimendu fisikoa eta intelektuala hobetzeko bitarteko gisa, baita zimurrak kentzeko tresna bezala ere. Magnetoterapia, baina, arriskutsua gerta daiteke prefesionalen gidaritzapean erabili ezean, eta kontrako erreakzioak eragin ditzake patologia zehatz batzuk dituzten gaixoen kasuan.
Telefono deia eta erakustaldia Kontsumo Bulegoak azaldu duenez, telefono bidez egiten dute bezeroarekin lehen harremana, eta Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak gomendatuko balu bezala saltzen dute magnetoterapia aparatua. Deia egin eta gero, lokal batean geratzen dira bezeroarekin, magnetoterapia gailua nola erabiltzen den erakusteko. Kontsumo Bulegotik ohartarazi dutenez, ordea, saltzen dabiltzan pertsonak ez dute halako tresneriarekin lan egiteko prestakuntzarik. “Magnetoterapiaren erabilgarritasuna medikuntza tratamendu bat bezala baloratu behar da, hortaz, gaixotasunean aditua den mediku batek teknika erakutsiko du, bere erabilera gainbegiratuko du eta gaixoari jarraipena egingo dio, tratamendua jarraitu edo bukatu behar den erabakitzeko”, zehaztu dute.
Ez erosteko gomendioa Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak “praktika komertzial engainagarritzat” jo du magnetoterapia gailuak etxez etxe saltzeko teknika eta ez erosteko gomendioa zabaldu du, gaixotasunean espezialista den mediku independente baten aholkuarekin ez bada, “azken horrek teknika azaldu, erabilpena gainbegiratu eta emaitzen jarraipena egin dezan”.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.