Paco Buenoko bi boxeolari, Gipuzkoako txapeldun
Giro ezin hobea izan zen larunbat arratsaldean Beraungo erabilera anitzeko pistan. Gipuzkoako Boxeo Txapelketako borrokak ikustera jende ugari animatu zen (400 lagun inguru), eta Paco Bueno boxeo eskolako kideak pozik dira, antolatzen ibili eta gero ja...
Giro ezin hobea izan zen larunbat arratsaldean Beraungo erabilera anitzeko pistan. Gipuzkoako Boxeo Txapelketako borrokak ikustera jende ugari animatu zen (400 lagun inguru), eta Paco Bueno boxeo eskolako kideak pozik dira, antolatzen ibili eta gero jaso dutelako saria.
Ikusleen sariaz gain, txapelketan ere jaso zituzten; izan ere, Paco Buenoko bi boxeolari Gipuzkoako txapeldun izan ziren: Fernando Suarez eta Mohamed El Baur. Suarez, oilar pisuan nagusitu zitzaion Leo Berrauteri (puntuetan) lehendabizi, eta Sebastian Portunatori ondoren. Garaileak bi aldiz borrokatu behar izan zuen hiru boxeolarik parte hartu zutelako pisu horretan.
Mohamed El Baur, berriz, pisu erdiastunean izan zen Gipuzkoako txapeldun, Irungo Tomas Riveloni irabazi ondoren.
Bidasoko txapeldun bat ere izan zen: Joseba Ugarte welter pisuan. Hain zuzen, Paco Buenoko boxeolari baten kontra irabazi zuen Ugartek, Rafa Ramiro.
Txapelketatik kanpo, garaipen bat eta porrot bat
Gipuzkoako txapelketatik kanpo ere izan ziren borrokak, eta Paco Buenoko boxeolarientzat erdipurdi joan zen. Welter pisuko Eugene Tomkok Kerman Lejarreta bizkaitarraren kontra galdu zuen. Sebastian Latigo Perez gazteak, berriz, debuta egin zuen. Hamabost urte besterik ez dituen arren, garaipena lortu zuen boxeolari bizkaitar baten kontra.

