Txingudiko Zerbitzuek Jaizkibelgo sei putzutako ura ustiatuko dutelako haserrea agertu du Ekologistak Martxan taldeak. Hala, ekologisten arabera, Jaizkibelgo lur azpiko sei putzu horietatik ez litzateke ura atera beharko ingurumen kalteak argudiatuta. Horrez gain, Txingudiko Zerbitzuei eskatu diete «ura aurrezteko neurriak» har ditzala. Gainera, Bidasoak ez duela ur horren beharrik adierazi dute.
Hala, Ekologistak Martxan-ek alegazioak aurkeztu zizkion 2007an Jaizkibelgo putzu horiek Bidasoko ur hornidurarako ustiatzeko egitasmoari, «ez dagoelako justifikatuta». Bidasoan dagoen ur kontsumoaren ikerketarik ez dela egin salatu zuten, eta etorkizuneko beharrak ere ez zituztela aztertu: «Ez dakigu zein datu erabili dituzten Bidasoak ur gehiago behar duela argudiatzeko».
Alegazio horietan azaldu zutenez, Jaizkibel ingurune natural babestua da, bertako akuiferoak barne. Horiek ustiatu baino lehen ura aurrezteko estrategiak martxan jartzeko eskatu zuten. Hala, eskaera horiek oinarritzeko indarrean dagoen legediaren baitako bi atal gogorarazi zituzten ekologistek.
Jaizkibel mendia
Adibideak
Alegazio horien baitan ere Espainiako Estatuko, Kataluniako eta Galiziako hainbat hiritan ura aurrezteko abian dituzten neurriak aipatu zituzten. Hala, besteak beste, Santanderko, Coruñako, Zaragozako edo Madrilgo ereduen berri eman zuten alegazio horietan. «Hiri horietan, adibidez, ur gehien kontsumitzen duten hiritarrei uraren tarifa garestitu diete. Kontsumo maila jaitsi dutenei, berriz, hobariak eman dizkiete».
Bartzelonako kasua ere nabarmendu dute ekologistek. Bertan, uraren kontsumoa murrizteko neurriak abian jarri zituztenetik, uraren beharra 1973ko datuetara hurbildu dela jakinarazi dute.
8,1 milioiko inbertsioa
Txingudiko Zerbitzuek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den asteko ostiralean hasi zituzten Jaizkibel-Elordi eremuaren baitako ur hornidura lanak. Lan horiei esker, gaur egun Endarako urtegiak eskaintzen duen zerbitzuaren osagarri izango da Jaizkibelgo lur azpiko sei putzutako ura.
Putzu horietatik aterako duten ura Hondarribiko Elordiraino kanalizatuko dute: 14,4 kilometroko bidea egingo du ur horrek, hoditeria sistema berriari esker. Lanak hamasei hilabete eta erdian egingo dituzte eta guztira 8.110.000 euroko inbertsioa egingo dute. Kopuru horren finantzazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Txingudiko Zerbitzuen kontura izango da, erdibana.
Lanak hasi zituztenean Aitor Kerejeta Hondarribiko alkateak azaldu zuenez, «duela hamarkada batzuk ur hornidurarekin arazoak izan ziren Bidasoan eta lan horiekin, lehorte garaietan ere ura izango dugula ziurtatu nahi dugu». Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatu Carlos Ormazabalentzat, «lehorteen kontrako azpiegitura handia izango da, eta bailararako oso mesedegarria gainera».