Jaurlaritzak bide judizialera joko du Vizcainoren kasuan
Eusko Jaularitzak gogorarazi du Ramon Vizcainoren Konkurtso Legean parte hartuko duela eta bide judizialera ere joko duela jakinarazi du. Legezko akzioak, akzio zibilak eta penalak hasiko dituela azaldu du: “Kaltetuei eragindakoa ordaindu behar d...
Eusko Jaularitzak gogorarazi du Ramon Vizcainoren Konkurtso Legean parte hartuko duela eta bide judizialera ere joko duela jakinarazi du. Legezko akzioak, akzio zibilak eta penalak hasiko dituela azaldu du: “Kaltetuei eragindakoa ordaindu behar dute Ramon Vizcaino egungo egoerara eramaten dutenek”.
Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko iturriek, bestalde, adierazi dute lanean jarraituko dutela egoerari irtenbidea emateko, orain arte egin duten bezala.
Jaurlaritzak, ordea, ez du adostasunik lortzerik izan enpresako akziodun nagusiarekin. Jesus Gomez Montoya da akziodun nagusia eta ezadostasunak izan ditu Jaurlaritzaren proposamenekin.
Batetik, proposamen industriala helarazi zion Jaurlaritzak Montoyari. Hiru enpresa Ramon Vizcainoko negozio zati batzuk erosteko prest zeudela jakinarazi zion. Enpresa guztiaren arazoa konpondu ezin zutela, baina etorkizuna zuten enpresa zatiekin lanean jarraitzea zen hiru eskaintza horien arduradunen asmoa. Montoyak uko egin zion.
Bestetik, egitura aldaketa proposatu zuen Jaurlaritzak. Helburua zuzendaritza aldatzea zen. Konkurtso Legea eta likidazioa aurrera eramango dutenak eta enpresa “hondamendira” eraman dutenak pertsona berak izan ez zitezen zen xedea. Montoyak egungo zuzendaritzarekin eta aholkulari taldearekin lanean jarraitzearen alde egin du.
400 langile zituen Ramon Vizcainok. Batzuek aurretik utzi zuten enpresa eta gainontzeko 328ei erregulazio txostena aplikatu diete. Aipatutako ezadostasunak medio, badirudi azkenean Ramon Vizcainoren itxiera ez dela langileek eta Jaurlaritzak nahi bezain txukuna izango.

