Ficoban, Gabonei aurrea hartzen

Atzotik igandera bitarte, Gabonetako erosketak egiteko aukera dago Irungo Ficoba erakustazokan. Horrez gain, hiriko merkataritza txikiari bultzada emateko baliatu dute hamahirugarren Gabonetako Azoka.

Iaz 18.000 bisitari baino gehiago jaso zituen azokak. Argazkia: Ficoba.

Urteko ospakizun handienen atarian, Gabon usaina nabari daiteke dagoeneko Irungo kaleetan barrena. Oraindik bi aste falta diren arren, Ficoba erakustazokan Gabonei aurreratzea erabaki dute aurten ere. Azken momenturako uztea da gehienen hautua, baina askok, ordea, aurretik dena prest izateko joera dute eta hala, atzotik Gabonetako erosketak egitera ehunka eta ehunka lagun gerturatu dira bertara. Etzira bitarte, Euskal Kostaldeko Gabonetako Azoka bisitatzeko aukera izango da.

Azken urteotako arrakasta errepikatzeko asmoz, aurten, hamahirugarrenez jarraian egingo dute. «Azoka multisektoriala da, askotariko produktuak aurki daitezke bertan», azaldu du Ficobako azoken zuzendari Monica Aldaik. Orotara, 100 erakusketari baino gehiagok izango dute postua milaka metro koadroko pabiloian. Elikagaiak eta gastronomiako produktuak, food-truck delakoak, estetika, dekorazioa, turismoa, moda eta osagarriak, etxerako apaingarriak, kirol arropa, oinetakoak, jostailuak, aisiari begirako produktuak, zerbitzuak… Horrek guztiak lekua du Ficoban. Eta hori gutxi balitz, bisitariek Espainiako Estatuko txoko guztietako jakiak dastatzeko aukera ere izango dutela kontatu dute azokaren antolatzaileek, doan.

Lehen mailako milaka produktu eros daitezke, baina horrez gain, bertako merkataritzari ere keinu bat egiteko ohitura dute urtero antolatzaileek. «Beharrezkoa da tokiko merkataritzari bultzada ematea, eta aurten ere eurekin kontatu nahi izan dugu». Are gehiago. Negozio irundarrek beti dituzten postuez gain, hiriko 12 dendek ere ordezkaritza izango dute. Irungo Udalaren eekimenez Naturalki Gurea izeneko 40 metro koadroko postua txandakatu beharko dute negozio horiek. «Merkataritza txikiari nolabait ate bat irekitzea izan da asmoa, euren produktuak erakutsi ditzaten», azaldu du zuzendariak. Hala, Recambios 365, Juncal haurren arropa denda, Anaka optika, Zergatik, Kattagorri oinetakoak, Arbelaiz obradorea, Top Queens, Tello eta Duque oinetako dendak, Kervan alfonbra denda, Kopiart eta Kolore Gambara saltokiak izan dira udalaren egitasmoaren onuradunak.

Bisitari gehienek azoka erosketak egiteko baliatzen duten arren, bestelako funtzioak ere baditu denden bilguneak. Aldaik azaldu duenez, «azoka hau ez da soilik kontsumora bideratutakoa, harago joan nahi izaten dugu urtero».

Hala, artisautzari ere azokaren ateak zabaltzeko hautua egin dute azken urteotan. Horrela, Gabiltza elkartearekin elkarlanean, bederatzigarren Irungo Artisautza Azoka egiteko baliatzen ari dira asteburua. Eskualdeko eta kanpoko dozenaka artisauren lanak ikusgai eta salgai egongo direla kontatu dute Ficobatik. «Azokan ere normalean dendetan aurkitzen ez ditugun produktu eta zerbitzuak kontsumitzeko aukera eskaini dugu», gehitu du. Gainera, erakusketak eta bestelako ekitaldi mordoa ere prestatu dituztela azaldu du azokaren zuzendariak.

Helduek erosketak egin bitarte, etxeko txikienek ere badute zer egin asteburuan zehar. Puzgarriak, jolasak, tailerrak, magia ikuskizunak… Inor ez aspertzeko denetarik prestatu dute antolatzaileek. Monica Aldai: «Azoka plan bat da azken finean».

Mezu hori zabaldu nahi izan dute Ficobatik, goiz edo arratsalde atsegin bat familian pasatzeko aukera ere badagoela bertan. Eta haurrei bideratua ere, azken urteotan klasiko bilakatu den Berrerabiliz erakusketa berezia jarri dute, haurrei birziklatzeko ohiturak jolasen bitartez irakasteko helburuarekin.

Igandera bitarte, ikusi, dastatu eta erosteko aukera izateaz gain, opari mordoa banatuko dituzte bisitari guztien artean. 50 opari baino gehiago zozkatuko dituzte, askotarikoak gainera. Bertaratutako guztiek itsas bidai bat Mediterranoan barrena, 100 euroko erosketa txekeak edota Eguberritako saskiak irabazteko aukera izango dute.

18.000 bisitaritik gora
Urtean zehar Ficobak dozenaka azoka jaso arren, oraingoa denetatik «garrantzitsuenetarikoa» dela aitortu dute antolatzaileek. Urtez urte goraka egin duen feria da, eskualdeko eta Ipar Euskal Herriko herritarren artean erreferentzia bilakatu arte. Iazko azokatik 18.000 lagun baino gehiago pasatu ziren, zifra «ikaragarria» antolatzaileentzat. Hazkundea nabarmena izan da, Gipuzkoa mailan tankera horrelako azoken artean ia nagusiena bilakatzea lortu baitu. «Maila ikaragarri batetara iritsi gara azoka honekin, oso pozik gaude, bai bisitarien kopuruarekin, eta baita ere erakusketarien kalitatearekin», onartu du Aldaik.

Azoka, gaur eta igandean 11:00etatik 20:00etara izango da zabalik, eta bihar, berriz, 21:00etan itxiko ditu ateak. Helduen sarrera 3 euroan (12 urtetik beherakoek, doan) eskura daiteke, leihatilan bertan. Ficoban bertan aparkatzeko aukera badago, doan. Informazio gehiago, www.expo.ficoba.org webgunean eskuragarri.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend