Gaurko Hartu Hitza Irunen herri galdeketan botoa ematera deituta zeuden irundarren %9,15ek parte hartu du. Aukera historikoa ez dute galdu.
Boluntarioak, zenbaketa bitartean.
4.890 irundar izan dira gaur erabakitzeko eskubidea egikaritu, eta Euskal Herriaren estatus politikoaren gaineko iritzia eman dutenak. Orotara, 16 urtetik gorako 51.618 herritar zeuden bozkatzera deituak. Beraz, errolda horren %9,15ek baliatu dute aukera historikoa. Behin ere hirian ez zen egin gisa honetako gogoeta egiteko prozesurik, kontsultan bukatu dena. Beraz, hamasei hauteslekuetara sartutako boto paperen bidez, ia 5.000, esan dute zein Euskal Herria nahiko luketen hala nahi izan duten irundarrek. Sinadura bidez aldez aurretik
galdeketari babesa eta bermea eman zioten irundarrak 3.861 izan ziren.
Gaur Donostian eta Bizkaiko Enkarterrietako beste hiru herritan egin da ere galdeketa. Gipuzkoako hiriburuan 21.015 pertsonak eman dute botoa, %13,1 eko parte hartzearekin. Enkarterrietako hiru herrien (Zalla, Balmaseda eta Alonsotegi) botoen batura 2.779koa izan da, %17,03ko parte hartzearekin.
Honako galderari erantzuna eman behar zioten herritarrek:
Irundar gisa, nolako etorkizun politikoa nahi duzu gure herriarentzat?. Eta erantzuteko, hiru aukera izan dituzte: ‘Euskal estatu burujabe eta independentea’, ‘Estatus politiko berri bat, estatu espainiarraren barruan’ edo ‘Gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegoa’.
Bitxikeriarik ere izan da egunean zehar. HITZAk jakin duenez, Arbes auzoko bi mahaietako batean goizeko lehen orduan gizon batek Nortasun Agiria sartu du hautetsontzian, sobrearen ordez. Kontaketa bukatu arte zain egon da agiria berreskuratzeko.
Lotura duten albisteak