Alardea lantzeko erakundeen arteko mahaia urtebetean ez dela bildu salatu du EH Bilduk

hondarribia.jaizkibelkonpainia

Jaizkibel konpainia, aurtengo alardean, Kale Nagusian.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren batzarkide Ainhoa Beolak salatu du alardearen gaia lantzeko erakunde arteko mahaia ez dela bildu azken urtebetean. Are larriagotzat jo du hori Beolak ikusita zer gertatu zen irailaren 8an Hondarribian. Hala, Markel Olano diputatu nagusiari galdera egin zion Beolak atzo Batzar Nagusien ohiko bilkuran, galdetuz ea zer egiten ari den aldundia alardean izandako erasoen eta haren konponbidearen bidean. Diputatu Nagusiak erakundeen arteko mahaiaren lana aldarrikatuz erantzun zion Beolari.

EH Bilduk nabarmendu du bi urte direla mahai horretan ordezkaritza zuten udalak, hau da, Hondarribia eta Irun, mahai hori utzi egin zutela. Eta horri erantsi dio berdintasunari bizkar eman diola diputatu nagusiak, “Jaizkibelen bilera eskariari erantzun ez diozun bakoitzean, Jaizkibel konpainiari harrera egiteari ezezkoa eman diozun bakoitzean, Hondarribiko alkate eta alderdikide duzunari behingoz berdintasunaren aldeko lanari garaia dela esan ez diozun bakoitzean, eta urte hauetan erasoen aurrean beste aldera begiratzen aritu zaren bakoitzean”.

Beolak adierazi du alardeko bi aldeei ezin eska dakiela pausoak ematea, “aldeetako batek genero berdintasun baketsua burutzen duenean eta beste aldeak hura burutzeagatik erasora jotzea erabakitzen duenean. Bi aldeak ez dira berdinak. Batek oinarrizko eskubide bat babesten du, berdintasunean aritzeko aukera; besteak, berdintasuna erasotzen du, genero erasora joz.”

Lotutako albisteak:

+ Alarde parekidearen aldeko mozioa onartu dute batzar nagusiek.

+ Urkulluk “babesa” adierazi die Jaizkibel konpainiako kideei, eta gogoetara deitu du.

+ Jaizkibel konpainia, etsipenetik garaipen handira.

+ Jaizkibel konpainiak ‘hemen gaude, eta egongo gara’ esan du

+ Azken urteetako tentsiorik handiena.

 

 

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend